Kazetari bi Anbotoren gidaritzan

Anboto 2013ko mai. 11a, 08:30

Jasone Agirre Anbotoko presidente eta zutabegileak eta Jone Guenetxea zuzendariak 500. alea dela-eta ezohiko elkarrizketa egin dute

Jasone Agirre Anbotoko presidente eta zutabegileak eta Jone Guenetxea zuzendariak 500. alea dela-eta ezohiko elkarrizketa egin dute.

 

Jone Guenetxea: Aitorpen bategaz hasiko naiz. Zure zutabeak dira gogokoen ditudanak, ‘Eraz’-en sasoitik. Ez dadila inor haserretu baina! Zelan idazten dituzu?

 

Jasone Agirre: Azkenengo momentuan idazten ditut. Hala ere, egia da ideia batzuk sortzen joaten direla. Arazoa da, ez ditudala apuntatzen, eta ahaztu egiten zaizkit. Zuk data gogorarazteko deitzen didazunean estutu egiten naiz! Ez zaidana gustatzen da adoktrinatzea. Mezua bidaltzea. Galderak zabalik uztea gustatzen zait. Horrela dela sinisten dut, gauzak ez dira zuriak edo beltzak. Bestetik, Jone, argazkia aldatu beharko nuke. Hamaika urtean argazki berdinarekin gabiltza.Beti gazte!

J.G.: ‘Anboto’ko zuzendaritzan zaude. Zuk ETBn lan egiten duzu, baina. Zer ezberdintasun ikusten duzu herri mailako edo maila nazionaleko hedabide baten artean?

J.A.: Nik zuri egingo nizuke galdera. Zuen lana konprometituagoa eta gaitzagoa ikusten dut. Sarritan jendea ez da pozik geratzen, edo beste zer edo zer espero du. Guk tratatzen dugu jendearekin, baina bat Errenterikoa izan daiteke eta bestea, Sakanakoa. Zuek, ostera, auzokoari edo lehengusuaren lagunari buruz idazten duzue. Distantzia emozinala ere kontuan hartzekoa da. Ez da berdin Corrugadoseko auziaren berri ematea, edo Iketz eta San Eloyren inguruan idaztea, bertan lagunak edo senitartekoak izan ditzakezulako.

 

J.G.: Argi dago gertutasuna gure lanaren parte dela, onerako eta txarrerako. Horregatik uste dut gure lana intentsitate handiz bizi dugula. Asteburuan senitarteko eta lagunek ‘Anboto’-n irakurri dutena komentatzen digute, edo baten batek kexa edo iradokizunen bat badauka, helarazi egiten digu. Horrek esan nahi du, Durangaldeko herritarrek ‘Anboto’ estimatzen dutela, eta guk idazten dugunaren inguruan hausnartzen dutela. 500. aleko ekitaldia antolatzen ibili garenean, hainbat jenderengana hurreratu garenean, ‘Anboto’ eurena legez sentitzen dutela esan digute, eta laguntzeko gogotsu agertu dira denak. Anne Igartiburuk edo Jose Luis Mendilibarrek esaterako, erraztasun guztiak eman dizkigute 500. alerako egin ditugun bideoak grabatzeko. Oso pozik gaude jaso dugun erantzunarekin.

J. A.: ‘Anboto’ etxekoa da, eta konfiantza dagoenean, horixe gertatzen da. Nik ere esan beharra daukat poztasun handiagoa eman didala ‘Anboto’-n edo ‘Eraz’-en lantzean behin idazten dudan zutabeak beharrak ematen dizkidanak baino. Jendearen aitortza jaso dut. Lanean egiten dudana informatiboagoa da, ez da hain pertsonala. Zure barruan daramazunaren zati bat idazten duzu, eta baten bati gustatzen bazaio, zer gehiago gura duzu! Jende gehiagok ezagutzen nau ‘Anboto’-n zutabeak idaztearren telebistan agertzearren baino. Eta hogei urte daramatzat ETBn.

 

J.G:Berbaro Taldean gogotsu dihardugu Berbaro elkarteagaz eta Plateruena Kafe Antzokiagaz. Asmatu dugu talde izaera horri zabalkundea ematen?

J.A.:Egia esan behar badizut, zuzendaritzan hasi arte taldetasun hori ez dut hain presente izan. Hala ere, indar txikiak batzea garrantzitsua da eta euskalgintzan eta herrigintzan dihardugunean are gehiago.

 

J.G.: Herri erakundeen aldetik, konpromisoa badagoela deritzozu?

J.A.: Batetik, konpromisoa modu askotakoa izan daiteke. Ekonomikoa izan daiteke, eta ez dirudi dirua oso ugari dabilenik. Bestetik, ‘Anboto’ erreferentziazko komunikabide bat da Durangaldean, eta horri aitortza bat eman behar zaio erakundeetatik ere. Ez dakit erakunde guztiek ‘Anboto’ beste komunikabideen aurrean lehenesten duten. Gainera, jende gehien ordezkatu dezakeen komunikabidea ‘Anboto’ dela deritzot. Zuzendari moduan ez da erraza izango presio politikoaren aurrean oreka mantentzea, ezta?

J.G.: Nik ezagutzen dudanetik, denetarik dago politikan. ‘Anboto’-n, maila politikoan, unean uneko kritikak jaso ditugu alde guztietatik. Une horiek gogorrak izan arren, seinale ona dela deritzot, erdian oreka mantentzen saiatzen garen adierazle. Gure helburua da euskara bultzatzea eta kalitatezko kazetaritza egitea, ez politika egitea.

 

 

J.A.: Inoiz ‘Anboto’-ri leporatu zaio epela dela, egur gehiago eman beharko lukeela. Inoz pentsatu duzue ‘Anboto’-k berez duen indarra presio talde moduan erabiltzea?

J.G.: Sarritan herri mailako komunikabideok ez dugu daukagun indarrean sinisten. Ez gaude indar horretaz baliatzera ohituta. Politikoek erabiltzen duten eta gustuko ez dudan esaldi pedante samar bat datorkit burura: “Ez da gure estiloa”. Gure lan egiteko modua behintzat, ez da hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!