Maiatzaren 10ean, 500. alea aterako du ‘Anboto’k; hilaren 11n, egun osoko jaia egingo da Durangon.
Maiatzaren 10ean Anboto astekariaren 500. alea helduko da Durangaldeko postontzietara. Badira hamaika urtetik gora, Erazen erreleboa hartu eta lehenengo Anbotoa kaleratu zela. Anbotora ez bazoaz, Anboto etorriko jatzu zioen hasierako leloak. Urteak joan dira, eta proiektua hazi ahala sendotuz joan da.
Denbora horretan guztian Durangaldean gertatutakoa jaso du Anbotok. Informazio hori euskaraz helarazi du, hizkuntzaren erabilera indartzeko ahaleginaren parte izan guran. Eta aurrera begira ere, ildo horretan jarraitu gura du, euskara urteko 365 egunetan zabalduta.
‘500xZu’
Durangaldeko herritarrengandik jasotakoa, herritarrentzako idatzia. Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibarko herritarrak dira Anbotoko protagonistak. Hortik dator lelo berria: 500xZu.
100, 200, 300, 400 eta 500. Datorren barikuko ale hori, zelan ez, berezia izango da. Aste horretako albisteez gainera, hainbat osagai edukiko ditu: urte hauetan guztietan jasotako hainbat notizia, argazkiak, elkarrizketak...
Ospakizuna, 11n
Gertaera esanguratsua dela-eta, Anbotok tamaina bereko ospakizuna egin gura du. Maiatzaren 11n, egun osoko jaia egingo da Durangon, euskaltzale guztiekin batera ospatzeko. Hauxe da egitaraua, goizetik gauera: bizikleta festa, dantza saioa, pintxo banaketa, poteoa, bazkaria, ekitaldia, erromeria eta dj-a. Plateruena kafe antzokian egingo da bazkaria; txartelak eskuragarri daude bertan, baita Anboto eta Berbaroren egoitzetan ere.