JAED sortu zutela 50 urte pasa direla ospatzeko ekitaldia antolatu du Durangon eta Iurretan eragiten duen elkarteak. Ospakizunak herri bietako udalei zein bizilagunei esker ona adierazteko modua izango dira, Iñaki Gorritxategi JAEDeko lehendakariordearen esanetan: “Behar izan dugunean aurrera egiteko bultzada eman digute, eta laguntza eskertu gura diegu”.
Gaurko prentsaurrekoan, JAED-eko ordezkariek ez ezik Durangoko alkate Aitziber Irigoras eta Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak ere parte hartu dute. Uda osterako beste ekitaldi batzuk prestatuko dituztela aurreratuta (eliteko pilota eta zesta partiduak, dantza saioak…), maiatzeko eta ekaineko hiru kontzerturen berri eman du JAED-eko ordezkariek, denak doakoak. Maiatzaren 4an, 20:00etan, Oskorrik bere ibilbideko abesti ezagunekin osatutako kontzertua eskainiko du Durangoko Andra Mari Basilikako portikoan. Eurekin batera, Durangoko Tabira musika banda, Jaizale Txistulari Elkartea, Herri Maite akordeoi taldea eta Bartolome Ertzilla musika eskola ariko dira.
Ekainaren 8an, 19:00etan, Leioako Juan Bautista abesbatzak Vivaldiren musika gogoratuko du, Garbiñe Abendaño sopranoak eta Margarida Lledó mezzosopranoak lagunduta. Kontzertua Iurretako elizan izango da.
Azkenik, ekainaren 29an, 20:00etan, Aula Boreal musika tresnen taldeak eta Durangoko Doinuzahar eta Galdakaoko Los Tonos Humanos abesbatzek Barroko sasoiko (XVII. mendea) musika ekarriko dute Durangoko Andra Mari basilikara. Disko bat argitaratu berria dute eta Durangoko kontzertua zuzeneko estreinaldia izango da.
Iaz 600 familiari eman zien laguntza
JAED-ek 600 familiari (1.300 bat laguni) eman zien laguntza 2012an. Iazko epealdi bardinagaz alderatuta, aurtengo lehen lauhilabetekoan laguntza eskaerak gehitu egin direla adierazi du Jose Carrera elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea: "Horietako asko papelik gabeko etorkinak dira eta seme-alabak dituzte. Zer egin dezakegu, ez atenditu? Ezin dugu hori egin. Iaztik hona laguntza eskaerak igo egin dira eta gure gastuak ere bai". Horregatik, JAEDeko bazkide egiteko deia egin du Maria Eugenia Uncilla elkarteko presidenteak: "Bazkideen sostengua oso lagungarria zaigu. Diru finko hori izateak segurtasuna ematen digu gure eguneroko lana garatzerako orduan". Interesatuak honako e-maila erabili dezakete hartuemanetan ipintzeko: jaed.durango@gmail.com.
Urtea joan eta urtea etorri JAED-ek Durangon eta Iurretan beharrizana duten familiei laguntzen die: langabetuei, seme-alabak dituzte emakume bananduei, etxe kaleratzeen arriskuan daudenei, erroldatutako zein erroldatu gabeko etorkinei, aterperik ez dutenei…
50. URTEURRENEKO EGITARAUA
MAIATZAK 4, 20:00, DURANGOKO ANDRA MARIA BASIKAKO ELIZPEAN
- Oskorriren kontzertua
Talde hauekin batera:
- Durangoko Tabira Musika Banda
- Jaizale Txistulari Elkartea
- Herri Maite Akordeoi Taldea
- Bartolome Ertzilla musika eskola
EKAINAK 8, 19:00, IURRETAKO ELIZAN
- \'Vivaldiren Gloria\' kontzertua.
Talde hauekin:
- Leioako San Juan Bautista abesbatza
- Leioako ganbera-orkestra gaztea
- Garbiñe Abendaño sopranoa
- Margarida Lledó mezzosopranoa
EKAINAK 29, 20:00, ANDRA MARIAKO BASILIKAN
- \'Nunc Dimittis Servum Tuum\' izeneko meza musikatua. Barroko sasoikoa.
Talde hauekin:
- Galdakaoko \'Los Tonos Suaves\' abesbatza
- Durangoko Doinuzahar abesbatza
- Aula Boreal instrumentu taldea