LAB sindikatuak eskualdeko egoera ekonomikoa aztertu du. Hainbat datu eman ditu Maiatzaren 1eko ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoan.
6.800 lagun daude lan barik Durangaldean, 2008an baino 4.200 gehiago. LAB sindikatuak emandako datua da. Eulate Zilonizaurrekoetxeak, sindikatuko eskualdeko arduradunak, adierazi du datua ez dela larriena, kopuru hori gorantza doala baizik. "Instituzioek ez dute ezer egiten. Politikak aldatu behar dira", esan du. Hirukoiztu egin da langabezia tasa, eta Durangaldeko lan-egoera larria dela ohartarazi du. Iurretako tasaren igoera izan ei da handiena. Bestalde, industrian arloan, Durangaldeko langabezia tasa %31koa dela azaldu du, Bizkaikoa %14koa denean.
Horrez gainera, uztailaren 7a baino lehen berritzen ez diren lan hitzarmenek ez dute baliorik edukiko. Enpresa mailan ez dute aurreikusten emaitza onik, horregatik, herrialde mailan egin behar dela indarra esan dute. Hitzarmenik ezean, estatu mailako hitzarmenak edota beharginen estatutua aplikatuko dela ohartarazi dute. Adibide legez, Durangaldean sektore garrantzitsuena metala izanik, hitzarmen barik 640 euroko soldata aplikatuko zaiela-eta kezka agertu dute.
Zilonizaurrekoetxeak adierazi du borrokarako garaia dela, "aski dela esateko unea". Horregatik, Maiatzaren 1eko manifestazioan parte hartzeko deia egin du, egoerari buelta ematea helburu: "Iraultzeko modua, mobilizazioa eta borroka da". 12:30ean egingo dute manifestazioa Durangoko udaletxe aurretik, Borrokatu, matxinatu eta irauli Durangaldea! lemapean. Osteko ekitaldian Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak parte hartuko du. Zilonizaurrekoetxearen esanetan, eskualdeko egoera ikusita hartu du Durangora etortzeko erabakia Etxaidek. Goizean kotxe karabanak egingo dituzte, eta manifestazioa amaitzean bazkaria ere bai.
Eskualdeko arduradunak esan du egoera hau ez dela krisiaren ondorio: "Estrategia kapitalistaren ondorio da". Horren aurrean, frente sozial baten beharra ikusten du, eta maiatzaren 30erako deitutako greba orokorra testuinguru horretan kokatu du.