Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak elkartasuna agertu dio Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariari, AskeGunea husteko operazioaren barruan jasotako tratua dela eta. 50 hedabidetik gora batzen ditu Hekimenek, tartean Anboto Komunikabideak.
Hekimenen idatzia:
Hekimeneko kide sortzaileetako bat da \'Argia\' aldizkaria, eta Hekimenen helburuetako bat da euskal hedabideen presentzia eta eragina handitzea gizartean. Horretarako, ezinbestekoa da gero eta informazio kalitatezkoagoa eskaintzea. Hekimenen ustez, Lander Arbelaitz informazio zuzena emateko ahalegin betean ari zen Ertzaintzak, eskuan zeukan akreditazioa kontuan hartu gabe, lurrera bota, astindua eman eta bertatik atera zuenean.
Hekimenek, gainera, guztiz ezegokitzat jotzen du Ertzaintzako buruek hartu zuten erabakia kazetariak gune itxi eta bereizi batean zedarritzeko. Kazetarien oinarrizko eskubideetako bat da informazioa ahal bezain hurbilen eta, batez ere, nahi duten ikuspuntutik eman ahal izatea. Hori da kazetaritza. Hori da gure lana.