LAB: "Aldaketaren bat egongo bada, borrokaren bidez lortuko dugu"

Anboto 2013ko api. 19a, 13:00

LAB sindikatuak kontzentrazioa egin du gaur Iurretan, Maiatzaren lehena iragarri eta herritarrak borrokara batzeko dei egiteko

LAB sindikatuak kontzentrazioa egin du gaur Iurretan, Maiatzaren lehena iragarri eta herritarrak borrokara batzeko dei egiteko.

 

"Aldaketaren bat egongo bada, borrokaren bidez lortuko dugu". Aldarri hori erabili du gaurko kontzentrazioan Eulate Zilonizaurrekoetxeak, Durangaldeko LABeko arduradunak. Borrokarako deia egin du Zilonizaurrekoetxeak, eta adierazi du Durangaldean horren behar argia ikusten dutela. "2008tik langabezia tasa gehien igo den zonaldeetariko bat da Euskal Herrian, Tutera ingurua eta Sakanagaz batera". LABeko arduradunak enpresen "egoera larria" ekarri du gogora. Iketz-San Eloy, Mecanica Mallabi eta Lamber eta Conlamber aipatu ditu adibide legez. "Sarraski hau gelditzen ez badugu, gureak egin du". Maiatzaren 1ean Durangon eskualde mailako manifestazioa egingo dute, eta Ainhoa Etxaide LABeko buruak parte hartuko du bertan. Zilonizaurrekoetxeak azaldu du eskualdean bizi den egoeragatik erabaki duela Etxaidek Durangora etortzea. \'Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria\' lema erabiliko dute egun horretan.

 

Zilonizaurrekoetxeak frente sozial bat eraikitzeko deia egin du. "Euskal Herriak bost greba orokorretan erakutsi duen indarrak aldaketarako aukera ematen duela uste dugu". Ohartarazi du hitzarmen kolektiboak galtzeko aukera egongo dela uztailaren 7atik aurrera, eta euskal beharginen etorkizuna oso desberdina izan ahal dela egun horretatik aurrera.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!