Aurten ere jasoko dituzte saharauiak Durangon eta Elorrion

Anboto 2013ko api. 18a, 12:17

Ume saharauiek errefuxiatuen kanpamentuetatik irten eta hilabete bi igaroko dituzte hemen

Ume saharauiek errefuxiatuen kanpamentuetatik irten eta hilabete bi igaroko dituzte hemen.

 

Oporrak bakean izeneko progaramaren barruan, aurten ere ume saharauiak hartuko dituzte Durangoko eta Elorrioko hainbat familiak. Udan, errefuxiatuen kanpamentuetatik irten eta hilabete bi igaroko dituzte hemen. Mediku azterketak egiteko aprobetxatuko dute, eta udan Tindufeko (Aljeria) tenperatura beroak jasan behar ez izatea eta elikadura egokia izatea ere badaude helburuen artean.

 

Durangon Herria auzo elkarteak bultzatu du egitasmoa, eta Elorrion Lajwad elkarteak. Udalen laguntza daukate, gainera. Zazpi eta hamabi urte bitarteko haurrak etorriko dira, eta horiek etxean jasotzeko gonbidapena egin dute elkarteek. Herria elkarteak hamaikagarren urtez sustatu du ekimena.

 

Maiatzaren 5a baino lehen eman behar da izena, eta horretarako formularioa elkartearen tabernan bertan bete behar da. Elorrion, ostera, apirilaren 26ra arteko epea dago izena emateko, udaletxean. Lajwadekoek esan dute ekintza xumea dela, baina ume horiei on egiteaz gainera, saharauiekiko atxikimendua ere erakusten duela: “Euren zoritxarrean bakarrik ez daudela erakusten diegu. Trukean, herrialde jator horren berri eduki dezakegu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!