"Kirolariek jaten dutena kontrolatuko duen sukaldariaren figura oinarrizko bihurtu da"

Anboto 2013ko api. 19a, 08:27

Patxi Gimenok eta Ainhoa Lizarduyk -Elikagaien Zientzian eta Teknologian diplomatua- kirol elikadurari buruzko bigarren saioa eskainiko dute gaur, 19:00etan, Durangoko Elkartegian; Gimenok hiru urte daramatza Euskaltel-Euskadiko sukaldari lanetan

Patxi Gimenok eta Ainhoa Lizarduyk -Elikagaien Zientzian eta Teknologian diplomatua- kirol elikadurari buruzko bigarren saioa eskainiko dute gaur, 19:00etan, Durangoko Elkartegian; joan zen barikuan eskaini zuten lehenengo saioko informazioan sakonduko dute gaur Durango MTB Sapubike taldeak antolatu duen hitzaldian. Gimenok hiru urte daramatza Euskaltel-Euskadiko sukaldari lanetan.

 

Zelan sortu zitzaizun Euskaltel-Euskadiko sukaldaria izateko aukera?

Igor Gonzalez Galdeano sukaldari baten bila zebilen. Elkarrizketa bat egin zidan, elkarrekin ondo konpondu ginen, eta hartu egin ninduten. Urte hartako Frantziako Tourrean ‘debutatu’ nuen. Aurtengoa hirugarren urtea dut. Lan gogorra da, baina oso pozik nago.

 

Sasoi batean, talde handiek bakarrik zituzten sukaldariak. Orain, elikadura gehiago aintzat hartzen da?

Orain, askoz garrantzi handiagoa ematen zaio. Gaur egun, ia talde denek dute sukaldaria. Itzuli handietan, denek. Badira euren lan-taldean sukaldari bi dituzten taldeak ere. Baina beste kirol batzuetan ere gauza bera gertatu da, futbolean esaterako. Kirolariek jaten dutena apur bat kontrolatuko duen sukaldariaren figura oinarrizkoa bihurtu da.

 

Izan ere, elikadurak errendimenduan eragiten du.

Hori da. Elikadura beti izan da garrantzitsua, baina orain detaileak gehiago zaintzen dira; gero eta lehiakortasun handiagoa dago, errendimendu maximoa bilatzen da… Eta horretarako, elikadura ere zaindu beharra dago.

 

Elikadura egunero zaindu behar dela azaldu zenuen hitzaldian.

Argi dago. Metabolismoa eta gorputza hezi egin behar dira eta, elikadurari dagokionez, jarraikortasun bat behar dute. Egunen batean gehiegikeria txikiren bat egiten dela? Ez da ezer gertatzen, baina oso garrantzitsua da egunean-egunean elikadura orekatu bat izatea. Bestalde, denetarik jan behar da. Ez da komeni janari mota batzuk ohiko bihurtzea, koipe askoko jakiak, esaterako; baina horrek ez du esan gura erabat baztertu behar direnik ere.

 

Edozein motatako lasterketen bezperatan karbohidratoak ei dira elikagairik aproposenak.

Elikadura orokor eta orekatu batean dago gakoa, baina egia da lasterketen bezperak bereziak direla, zelanbait esanda, gorputza egun horretan erabiliko duzun energiagaz kargatu behar delako. Azken batean, proteinek eragin estrukturala dute, giharrak sendotzeko, esaterako. Koipea energia bihurtzea konplikatuagoa da. Beraz, gorputzeko bateria kargatzeko karbohidratoak dira aproposenak.

 

Euskaltel-Euskadin, elikadura orokor baten barruan, txirrindulari zehatzentzako dieta bereziak ere badaude?

Bakoitzak badaki zer jan behar duen. Nik ez diot inori zuzenean esaten “jan hau edo bestea”. Eurek badakite, eta gure ardura da behar duten hori jateko aukera eskaintzea. Esfortzuan gatz asko galtzen duenak badaki gatza hartu behar duela; arraina gustuko ez duenak Omega 3ko gehigarri bat hartuko du… Euren erantzukizuna da, gure laguntzagaz. Baina esan behar dut, denak direla arduratsuak. Noiz edo noiz arduratsuegiak ere bai.

 

Hitzaldian hidratazioaren garrantzia azpimarratu zenuten.

Hidratazioa oinarrizkoa da. Oro har, gabezia egoerak eragotzi behar dira, bai janariari bai edariari dagokienez. Lasterketa batean, egarri ez izanagatik, edan beharra dago. Gosea eta antsia ere bereiztu behar dira. Diozunez, zerk egiten digun onura eta zerk ez jakiteko, gauzak probatu egin behar dira. Ez duena balio da, gauzak irakurri eta lasterketaren bezperan probatzea. Egunean- egunean ikusi behar dugu zerk dakarkigun onura eta zerk ez. Pertsona bakoitza desberdina da, gura gorputzek era batean edo bestean erantzuten dute. Oinarri bategaz, ondo dago probatzea.

 

Euskadiko kultura gastronomikoak zelan eragiten du?

Elikadura egokia dugu, baina oso haragizaleak gara. Barazkiak ere sarritan erabiltzen ditugu, hala ere. Egia esanda, euskaldunon elikadura kultura kirolera egokitzea ez da batere problematikoa.

 

Lasterketa batean, zer jan daiteke, ohiko barra energetikoez gainera?

Elikagaiak azukre askokoak eta murtxikatzeko errazak izan behar dira. Pikuak, pasak, datilak… Zaporea aldatzeko, beti berdina izan ez dadin, Philadelfia gaztagaz eta urdaiazpiko egosiagaz egindako sandwich triangelu bat jan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!