Enpresak ez dira zenbaki hutsak. Izen eta abizenak dituzten ekintzaileen ilusioak dira. Krisi sasoi honetan, lanean euren kontura aritzea erronka moduan hartu dute. Ileapaindegiak, tabernak, arropa dendak, aholkularitza bulegoak, janari dendak eta beste hainbat jarduera martxan jarri dituzte hurrengo ekintzaile hauek. Dirulaguntza gehienek behera egitea oztopo handia izan dela diote denek. Egoera horretan, Behargintzaren babesa eskertu dute guztiek.
“Nazioarteko merkatuetara heltzea dugu helburu”
Lander Balza, Asier Alburqueque eta Saioa Revilla-Minigotes.com
MINIgotes.com PapertToys edo paperezko panpinen diseinurako estudioa da. Interneten denda zabaldu dute. 2012ko urrian enpresari alta eman zioten arren, urtarrilean ekin diote ekoizpenari. Bizkaia Creaktiva saria irabaztea izan da orain arte izan duten lorpenik handiena: “Bilboko Creativity Meeting Pointerako Meeti robotaren Papertoya egiteko aukera sortu zitzaigun”. Enpresa batek ematen dituen lehenengo pausoak zailak izaten direla aitortu arren, nazioarteko merkatuetara heldu gura dutela diote.
“Behargintzak babes psikologiko eta morala eman digu”
Joana Zuriturriza eta Imanol Iturriagaetxebarria-Keiran taberna
Ostalaritza arloan murgildu ziren 2012ko uztailean, Traña-Matienan Keiran irlandar taberna zabalduta. Denbora honetan gainditu beharreko zailtasun nagusia finantziazioa izan dela azaldu dute: “Administrazioak ez du laguntzarik ematen”. Hala ere, Behargintzak salmentak handitzeko eta bezeroak erakartzeko aholkuak eman dizkiela diote: “Dirulaguntza barik, krisiaren momentu zailenetan enpresa bat martxan jartzeko behar genuen babes moral eta psikologikoa eman digu Behargintzak”.
“Ileapaindegiko bezeroak mantentzea
lorpen handia izan da”
Bea Garcia-Ileapaindegia
Bea Garciak ileapaindegia zabaldu zuen 2012ko maiatzean. Errentan hartu zuen negozioa, eta izan duen lorpen handiena bezeroak mantentzea izan dela aitortu du. Dirulaguntzak asko murriztu dituztela kritikatu du Garciak: “Ekimen bat martxan jartzerakoan dirulaguntzen falta igartzen da, batez ere, inbertsioren bat egin behar bada”. Durangaldeko Behargintzatik jasotako laguntzagaz pozik agertu da ileapaintzailea. “Eman behar nituen lehenengo pausoak azaldu zizkidaten”.
“Ekintzaile baten arazo nagusia finantziazioa da”
Soraya Mora-Asesoria Landako
Kontabilitate fiskal eta laboralean aholkularitza emateaz gain, Soraya Moraren enpresan informatika zerbitzua eskaintzen dute. 2012ko urtarrilean zabaldu zuten enpresa Elkartegian. Ekintzaile baten arazo nagusia finantziazioa dela azaldu du Morak. “Gaur egun, bankura joan eta finantziazioa topatzea da zailena, eta honi gehitu behar zaio hornitzaile gehienek aurretiaz ordaintzea eskatzen dizutela”. Prezioak doitzeaz gain, krisiari aurre egiteko berrikuntza garrantzitsuenaa dela dio Morak.
“Eman beharreko pausoak oso ondo azaldu zizkidaten”
Idoia Gandiaga-Prokuradorea
Bizkaiko Auzitegietako prokuradorea da Idoia Gandiaga 2012ko azarotik. Urteetan bankuen arloan lan egin eta gero, arlo juridikoari berriro ere heltzea betegarria zaiola azaldu du. Ekimena martxan jartzerakoan, zalantza asko sortu zitzaizkiola gogoratu du Gandiagak: “Eman behar nituen pausoak oso ondo azaldu zizkidaten Behargintzan: zer dirulaguntza jaso nitzakeen eta zer pauso eman behar nituen”. Enpresa martxan jartzea erabakitzean, dirulaguntzen falta igartzen dela dio prokuradoeak.
“Behargintzan babes handia aurkitu dut”
Laura Prado-El oso mimoso
Umeentzako arropa denda bat zabaldu du Laura Pradok Durangon. Durangaldeko umeak janztea eta bere produktuak harrera ona edukitzea izan da Pradori poztasun handiena eman diona denda zabaldu duenetik. “El oso Mimoso”-ko dendariak aitortu duenez, laguntza azkarragoen eta dirulaguntzen falta igarri du admisnistrazioaren aldetik. Behargintzan, berriz, babes handia aurkitu du: “Eskerrik asko Maria Jesus Ormaetxerai, bere inplikazioarengatik eta eman didan laguntzagatik”.
“Gure produktuak dastatzen dituztenek
errepikatu egiten dute”
Nagore Olmo eta Mohamed Reda-Goxo Gourmet
Kalitatezko produktuen elikadura denda zabaldu du Mohamed Redak . Aurrez prestatutako jakiak eta delikatesen produktuak saltzen dituzte, besteak beste. Hasiera guztiak zailak direla esan arren, beraien produktuak probatzen dituenak errepikatu egiten duela gaineratu du. Norberaren lanaren jabe izateak ere betetzen duela dio Redak. Negozioa martxan jartzeko jarraitu beharreko burokrazia izan ei da zailena: “Ezaguzten ez genituen gai askotan Behargintzak zalantza asko argitu dizkigu”.