Gehienak gazteak izan dira, 25 eta 45 urte bitartekoak, Lanbide Heziketako ikasketadunak edo lizentziatuak.
Enpresa berri bat martxan jarri gura duen ekintzaile batek buruhaustez betetako bide luze bati jarraitu behar izaten dio bere jarduera hasi aurretik. Ibilbide horretan aholkularitza eta babesa eskaintzen du Durangaldeko Behargintzak. Iazko datuen berri eman dute Oskar Zarrabeitia Durangaldeko Amankomunazgoko presidenteak, Augusto Uriarte Behargintzako zuzendariak eta Maria Jesus Ormaetxea teknikariak.
2012an, 164 laguni eman zieten aholku. Horietatik 81 gizonezkoak ziren, eta 78 emakumeak. Guztira, 61 enpresa berri jarri zituzten martxan, eta 97 lanpostu sortu dituzte. Aholkularitzak zein enpresak sortzeko zerbitzuak 2011. urtean baino pertsona gehiago lagundu zituzten. Orain dela urte bi, 146 laguni eman zieten aholku eta 58 enpresa berri sortu zituzten. Zarrabeitiak dioenez, “dauzkagun datuak ikusita, balorazio oso positiboa da zenbat enpresa txiki sortu diren kontuan hartzen badugu”. Gaineratu duenez, “pertsona horiei guztiei aurpegia jartzea erraz izan daiteke, hainbatean, batzuk geure ezagunak edo herrikoak direlako”. Zailtasun ekonomikoz jositako egoera honetan, proiektu berriak martxan jartzeko gogotsu daude batzuk, eta Zarrabeitiak dioenez, Behargintzan, horrelako proiektuak aurrera atera ditzaten laguntzeko prest daude: “Egoera zail honetan, langabezia-tasaren joera gora doala ikusita, ezin ahaztu ekintzaileak direla enplegua sortzen dutenak. Admistraziotik enpresa sortu, hazi eta garatzea ahalbidetuko duten baldintza ekonomikoak sortzen saiatuko gara enplegua berreskuratu ahal izateko, hortxe baitago gakoa.”
Enpresa berriak
Durangarrak izan ziren zerbitzua gehien erabili zutenak, guztira 71 lagun (%43). Abadiño izan zen bigarren, 17 ekintzailerekin; Elorriok 12 ekintzaile izan zituen; Zaldibarrek 3 eta Atxondok 2. Gainerakoak, Durangaldetik kanpoko herrietatik etorri ziren.
Behargintzara jo dutenen %46 lanean zebiltzan, eta autonomo moduan enpresa sortzeko informazio bila jo zuten Behargintzara. Gainerakoak langabezia egoeran zeuden. Adinari dagokionez, ekintzaileen profila oso gaztea da, Lanbide Heziketa ikasketadunak edota lizentziatuak, 25 eta 45 urte bitartekoak eta teknologia berriak erabiltzen dituztenak.
Ekintzaileek gehien aukeratu zuten izaera juridikoa autonomoarena izan zen (51 lagun). Bost enpresa sozietate mugatu moduan sortu zituzten, lau ondasun erkidego erara, eta kooperatiba bat ere eratu zuten. Sektoreari dagokionez, 61 enpresetatik 21 merkataritzakoak izan ziren, 16 pertsonei zerbitzuak eskaintzera bideratutakoak, eta beste 16 enpresei zerbitzuak eskaintzeko. Ostalaritzan diharduten enpresak, berriz, 4 izan ziren eta eraikuntza, nekazaritza, garraio eta artisautza sektoreetako enpresa bana eratu ziren.
Ekintzaileak 2012
- 164 laguni eman diete aholku
- 61 enpresa berri jarri dituzte martxan
- 97 lanpostu sortu dituzte
- Erabiltzaileen jatorria:
- Durango :71
- Abadiño: 17
- Elorrio: 12
- Iurreta: 7
- Mañaria: 3
- Zaldibar: 3
- Atxondo: 2
- Enpresa motak:
- Autonomoak: 51
- Sozietate Mugatuak: 5
- Ondasun erkidegoak: 4
- Kooperatibak: 1