Mendi bizikletaz egiteko ibilbide hau egokia da hasiberri direnentzat, eta ikuspegi natural ederra eskaintzen du.
Durangoko Andra Marin hasten da BTT ibilbide hau. Teknikoki erraza da, eta horregatik da egokia hasiberrientzat. Andra Maritik Tabirarantza jo eta Ibaizabal ikastolatik pasatuz Artasola auzorantz eman behar dira hurrengo pedalkadak. Errepide albotik doan auzobidetik Abadiñora ailegatuko da txirrindularia. Mendiolarako bidea hartu eta gero, beharrezkoa da Sagastara igotzea. Sagastako bidegurutzean eskumara hartu eta Axpera jaistea izango da hurrengo lana. Atxondoko auzo ikusgarria da Axpe, ingurune natural ederrean dagoena. Anbotoren magalean egongo da txirrindularia. Axpen, frontoi albotik Arrazolarako bidean joango da bizikletaria. Arrazolara jo eta goraino helduta, ibilbidearen erdia egina izango du dagoeneko.
Apatamonasteriora jaitsi, eta Elorriorantza joatea eskatzen du ibilbide honek. Baina, 200 metro egin eta auzobide batek Abadiñoko Gaztelurantza eroango du. Gaztelu zeharkatu, eta Astolara jaistea izango da hurrengo pausoa. Handik, bidegorrian sartu eta Durangora bueltatzeko azkeneko metroak izango dira.