Mondragon Unibertsitateko Robotek taldeakdiseinatutako robotak Europako FTC (First Tech Challenge) Txapelketa irabazi zuen martxoan. Hamabi laguneko taldetik lau Durangaldekoak dira: Iker Salterain programatzailea (23 urte, Abadiño), Bingen Zearreta diseinatzailea (23 urte, Zornotza), Kepa Barrutieta diseinatzailea (19 urte, Elorrio) eta Endika Gandarias maisua eta aholkulari-laguntzailea (32 urte, Durango). Ikasle denak heziketa ziklokoak dira.
Berrikuntzari, besteak baino pauso bat aurrerago joateari, garrantzi handia ematen zaio lehia teknologikoan. Zuek zer irizpide hartu zenituzten?
Bingen Zearreta: Txapelketak hiru fase zituen; gidatze autonomoaren eta eskuzko gidatzearen bidez uztaiak bere tokian sartzea, eta beste robot bat altxatzea. Beraz, robotak hainbat ezaugarri bete behar zituen. Batetik, gidatzeko ahalik eta errazena izan behar zuen. Hasierako prototipoari gurpilak ipini genizkion, baina laban egiten zuen eta ez zen azkarra. Horregatik, beldar-ibilgailuen moduko gurpilak ipini genituen.
Beste robot bat ere altxatu behar zuela ikusita, egitura sendoa beharko genuela erabaki genuen. Txasis gogorra du eta pieza asko. 700 pieza baditu, gutxienez. Txapelketara joan aurreko egun biak muntaketan eman genituen; 39 ordu segidan, lorik egin barik.
Iker Salterain: Argi infragorridun sistema autonomoa probatu barik joan ginen. Eskuzkoan ere asko probatu barik geunden. Tarragonan hartuta genuen etxean probak egin eta egin ibili ginen.
Horiek horrela, zelan zeuden animoak bezperan?
B.Z.: Aipatutakoa gutxi balitz bezala, diseinu huts batengatik motor jasotzailea erre egin zitzaigun. Eta sistema horixe zen gure indargunea! Azkenean konpondu genuen. Txapelketa izango zen lekura heldu eta beste robotak ikusitakoan animatu egin ginen.
Endika Gandarias: Estrategiak ere funtzionatu zuen.
I.S.:Bai, azkenak ailegatu ginen eta robota kaxa batean gordeta generaman, eta hantxe utzi genuen zabaldu barik. Ikusmina eragin genuen. Kaxa irekitzean, asko gure ingurura etorri zer robotegaz gentozen ikusteko.
Probak hasi aurretik, zuen proiektua epaimahai bati azaldu zenioten. Zelan moldatu zineten produktua ‘saltzen’?
Kepa Barrutieta: Gelara sartu aurretik nerbioso geunden. Sartu eta gazteak zirela ikusita, apur bat lasaitu ginen. Ondoren, gure azalpanek benetako interesa sorrarazten ziela ikusita, zelan esan, gora etorri ginen.
B.Z.: Hiru dimentsioko diseinua ere eroan genuen ikusi zezaten. Asko gustatu zitzaien.
E.G: Gehienek honako prozesu hau jarraitzen zuten: diseinua burutik paperera eroan eta handik robota egiten hasi. Guk paperekoa hiru dimentsioko irudira eroan genuen fabrikatzen hasi aurretik. Bide horrek denbora gehiago eskatzen du, baina arazoak lehenago detektatzen dira. Luzera, abantaila da.
Azalpenen ondoren, probak etorri ziren.
I.S.: Zapatuan, klasifikazio saioak egin ziren. Kataluniako eta Errusiako talde bana sailkatu ziren lehenengo postu bietan. Gu seigarren sailkatu ginen. Probak bikoteka izaten dira, eta aurrenekoek taldeak aukeratzeko eskubidea zuten. Kataluniarrek errusiarrei proposatu zieten aliantza, baina errusiarrek ezetz erantzun zieten, gurago zutela gugaz aritu.
Aliantzak bere fruituak eman zituen, eta txapelketa irabazi zenuten. Sinisten zenuten?
B.Z.: Itzela izan zen.
I.S.: Ni konturatu ere ez nintzen egin. Azkenengo probak hiru txanda zituen. Hirugarrena jokatzen genbiltzan bitartean, pantaila batean bigarren txandako puntuaketari begira nengoela, denak zarataka hasi ziren. Txapeldunak ginen! Ezin genuen sinistu. Hasieran izan genituen arazo denekin… Errusiarrak ere oso onak ziren, dena esan beharra dago.
Apirilaren 24tik 27ra munduko txapelketan parte hartuko duzue, San Louisen (Missouri, AEB). Hara begira, zelan hobetuko duzue robota?
K.B.: Sistema autonomoa hobetu gura dugu. Orain, robotak aluminiozko arrapala dauka, eta pisu handia duenez, karbonozko bat egitea pentsatu dugu.
Zer esperantzarekin zoazte?
I.S.: Irabaztera goaz.
B.Z.: Ikusi egin beharko da zelan dabiltzan amerikarrak.
E.G: Eurak dira faborito. Txapelketa han sortutakoa da, eta zortzi urteko abantaila dute euren alde. Guztira, 128 parte -hartzaile batuko gara.
Txapelketa amaitzean, zer gertatuko da robotagaz?
E.G.: Ikasketa teknikoak egitera gero eta jende gutxiago animatzen dela ikusten dugu. Horregatik, ikasleak zientziara eta teknologiara hurreratzeko pizgarri moduan erabiliko dugu robota. Dagoeneko ipini gara hartu-emanetan Innobasquekin (Berrikuntzaren Euskal Agentzia), eurek antolatzen dituzten ekitaldietan erakustaldietarako-edo erabili dezaten robota.