www.zaindu.eu webgunean mendekotasuna daukaten nagusien zaintzaileentzako informazioa eskegiko dute.
Durangoko Udalak eta Durangaldeko Amankomunazgoak webgune berria aurkeztu dute, mendekotasuna daukaten nagusien zaintzaileei informazioa ematea helburu duena. Erakunde bi horietako nagusien sailek 1997an ipini zuten martxan Zaindu programa, eta honen zabalpena egiteko erabili gura dute webgunea, Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez. Goiztidi Diaz Durangoko Gizarte ekintzako zinegotziak ere parte hartu du, eta esan du euren helburua zaintzaileei tresna bat gehiago ematea dela.
Amaia Artola teknikariak adierazi du 2013rako ekintza ugari eratu dituztela Zaindu programaren baitan, eta horien inguruko informazioa eskuragarri egongo dela webgunean. Esaterako, antsietate uneak zelan kontrolatu aztertzeko ikastaroa. "Antsietate egoerak dira kezka handiena zaintzaileentzat", esan du Artolak. Lepoa zaintzeko ikastaro bat ere eskainiko dute. "Zaintzailen tentsioak lepoan islatzen dira", Artolaren arabera. Erlaxazioa eta aisialdia (irteera kulturalak) ere eskainiko dituzte. Ekintza horietan parte hartu ahal izateko, Amankomunazgoak etxerik etxeko zerbitzu bat eskainiko du, zaintzailea kanpoan dagoen une horretan mendeko pertsona zaintzeko.
Artolak 2012ko hainbat datu eman ditu. Esan du zaintzaileen %79 andrak direla, 57 urte ingurukoak gehienak. %46 etxekoandreak dira, %39k kanpoan egiten dute lan eta %14 lan barik daude. Zaintzaileek batez ere formakuntza saioak eskatzen dituzte, aisialdirako zein beste helburu batzuetarako ekintzak ere badauden arren. Besteak beste, zaintzaileek euren artean kezkak konpartitzeko mintegi bat aipatu du Artolak. Bertan gizonek ere hartu izan dute parte. "Gizonek euren emazteak zaintzen dituzte bapatean, eta egoera ez da erraza". Iaz, guztira, 217 lagunek parte hartu zuten formakuntza saioetan.