Wert ministroak aurkeztutako LOMCE legea ez aplikatea espero du Josu Etxaburuk. Orain arte irakaskuntzan egindako lanaren kontrakoa dela uste du. Elorrioko Institutuko zuzendaria eta BIHE Institutu Publikoetako Zuzendari Elkarteko presidentea da Etxaburu.
Jaurlaritzako aurrekontuen murrizketetan hezkuntza gutxi ukitzeko asmoa agertu dute. Pozteko albistea da?
Jakin arte benetan kontua zelan geratzen den, balorazio gutxi egin daitezke. Badago ideia orokor bat: irakaskuntzan murrizketak egitea etorkizunerako kaltea da. Irakaskuntzak ez du gaurtik biharrera emaitzarik ematen, eta horretara gaude ohituta; satisfakzioa bat-batekoa ez bada, ez du balio. Ikuspegi oso murritza daukagula uste dut, eta hezkuntzak zabalagoa behar du. Hori gizartera komunikatzea zaila da batzuetan, jende asko txarto pasatzen dabilelako, baina pedagogia pixka bat egin beharko da.
Orain arteko murrizketek zelan eragin diote irakaskuntzari?
Murrizketekin gehien sufritzen dutenak laguntza gehien behar dutenak dira. Baliabide gutxiago daude haiei zerbitzu duina emateko. Gure hezkuntza inklusiboa da, eta horrelakoa izan behar du; ikasle guztiek arrakasta lortzea izan behar da helburua, ez Wert ministroak esaten duena, ikasleak bereizten hastea. Horrek gure sistema desorekatu dezake, eta agintariek argi eduki behar dute gizarte kohesioa irakaskuntzaren helburu nagusietako bat dela. Hor hezkuntza sistema publikoak euskal gizartearen bizkarrezurra izan behar du, bertan dagoen aniztasunagatik. Geroago eta ikasle gehiago dago eskola publikoan, D ereduan gehienak. Hizkuntza ereduak agortuta daudela uste dut: interesgarria izan daiteke eleaniztasuna; ikasleak hizkuntzetan trebatzea, gure euskalduntasunetik. Ziurtatu dezagun Elorrion, eta Karrantzan, ikasleak konpetenteak direla bi hizkuntzatan. Hori oraindino ez da betetzen leku batzuetan.
Zentzu horretan, Wert ministroaren erreforma atzerapausoa izango litzateke. Zure ustez, onartuko dute?
LOMCE ez aplikatzea espero dut. Uste dut txarra dela guretzat eta komunitate guztientzat. Dena zentralizatu gura dute, eta legeak ez ditu lekuan lekuko egoerak kontuan hartzen. Euskal Herriak ez du merezi horrelako lege bat, eta bateratuta esan behar dugu eragileok, sindikatuek eta alderdi politikoek ez dugula lege hau merezi. LOMCE aplikatzea planteatuko balitz, burukomin handiak sortuko lituzke. Jakinda legearen ondorioak txarrak izango direla, zelan ipini martxan? Orain arteko erreformekin, ematen zuen ildoa inklusiboa zela, eta hezkuntza eskumenak errespetatzen zirela, baina honekin ez.
Lege organikoa izanda, euskal irakaskuntzak badu aternatibetarako zirrikiturik?
Badaukagu guk kudeatzeko eszenatokia, eta bertan eragile denek parte hartu beharko genuke, gure hezkuntza sistema kaltetu barik, zelan jokatu pentsatzeko. Hala ere, badago beste arazo nagusi bat: ez dut gogoratzen zenbat lege aldaketa bizi izan ditugun. Uste dut ez dagoela ikasle bat lege aldaketaren batek ukitu ez duenik. Hezkuntza mahai gainean dago lau urtetik lau urtera, eta ez da batere osasungarria. Gu baino aurreratuago dauden herrialdeetan, epe luze baterako adosten dute legea. Agintzen duenak agintzen duela, ezingo du aldatu. Denbora behar da lege baten emaitzak ikusteko.
Adostasun hori ezingo lukete politikariek bakarrik lortu...
Gizarte eragileekin adostu beharko lukete. Politikariek gauza bat daukate txarra: ezin dute denetarik ulertu. Dakienari galdetu beharko lieke, edozein herritarrek egiten duen moduan. Oso sanoa da, eta oraindik ez dago halakorik gure kulturan. Gurean, ordezkariak lau urterako izendatzen dira, eta kitto. Profesionalok ez dugu jakiten nora begiratu; jada ez dira gaitasunak landu behar? Orain bakarrik dira curriculuma eta notak, eta dakienak aurrera eta ez dakienak beste alde batera? Hori da eskema?
Zelako animoagaz zaudete irakasleak?
Uste dut nazka sentimendu bat dagoela. Esaten digute motibatuta egon behar dugula, baina ezin da. Profesionalok denbora bat behar dugu egiten dugunari buruzko hausnarketak egiteko, gure ikasleen progresioa egokia den ala ez baloratzeko. Ezin gara ibili hauteskunde gau batek guregan zer ondorio edukiko duen pentsatzen. Ezin da egon haizea nora hezkuntza hara.