Gaur sartuko da Korrika Durangaldean

Anboto 2013ko mar. 20a, 08:15

Otxandiotik sartuko da gaur Korrika Durangaldean. Euskararen alde AEK-k antolatzen duen lasterketa 11:58an helduko da Otxandiora eta Mallabiatik irtengo da, 17:43ean. Mañaria eta Izurtzatik be pasako da Korrika, aurten, lehenengo biderrez

Otxandiotik sartuko da gaur Korrika Durangaldean. Euskararen alde AEK-k antolatzen duen lasterketa 11:58an helduko da Otxandiora eta Mallabiatik irtengo da, 17:43ean. Mañaria eta Izurtzatik be pasako da Korrika, aurten, lehenengo biderrez.

 

Martxoaren 14an abiatu zen Andoaindik (Gipuzkoa) Korrika 18a. Nafarroa zeharkatu du eta iparraldean ere sartu da eta arabatik sartuko da Bizkaian, Durangaldean. Eman euskara elkarri  lelopean milaka lagunek egin dute bat Korrikagaz eta Durangaldean ere ongietorri beroa egingo diote euskaltzaleek.

 

Otxandion emango ditu lehenengo pausoak gurean euskararen aldeko lasterketak. Urkiolatik bera Mañarian sartuko da Korrika 13:34an, eta Izurtzara 14:12an helduko da. Lehenengoz sartuko da bi herriotan Korrika. Durangora 14:24an helduko da Korrika. Trikiti doinuekin berotuko dute giroa 12:00etatik aurrera Durangon. Horrela, +Dendak merkatari elkarteak Korrika 18an parte hartzera animatu gura ditu herritarrak. Alde Zaharrean jardungo dute trikitilariek, baita Ermodo kalean, Askatasun Etorbidean eta Landakon ere. Iurretatik 14:52ean igaroko da, segiduan berriro be Durangora sartzeko; 15:01ean izango da hori.

 

Durangotik Abadiñorako bidea hartuko du Korrikak; 15:08an helduko da bertora, eta Atxondon 15:46an egingo diote merezitako ongietorria. Elorrion sartuko da 16:02an, eta, Berrizen, 16:53an. Zaldibarrera 17:15ean helduko da Korrika, gero Mallabiara bidea hartzeko. Durangaldean azken metroak egingo ditu Korrika Mallabian, 13an.

 

Euskal Herria zeharkatu ondoren, Baionan amaituko da Korrika 18a hilaren 24an. Bertora joateko autobusa ere antolatu dute Durangon. Izena emateko Plateruena kafe antzokira edo Abarrakera jo daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!