80ko hamarkadan Garaiko Momoition indusketak egin zituen lan taldeko kidea izan zen Felicitas Lorenzo deustuarra. Gaur Gernikan dagoen Euskal Herria Museoko zuzendaria dela egin du Merioaren Ibilbidea.
Merioaren ibilbideak zer sentsazio utzi dizkizu?
Harrituta geratu naiz. Nik lehenagotik ere ezagutzen nuen, baina azken bost-sei urteetan kriston aldaketa izan dela ikusi dut. Oso produktu interesgarria sortu duzuela iruditzen zait. Alde batetik, paisaia, kultura eta historia ezagutu daitezke, baina euskaldunon arteko hartuemanak zelan eman ziren ikasteko aukera ere badago. Ibilbidea interesgarria eta aberasgarria iruditu zait.
Eta aberastasun hori zer modutara eramango duzue Euskal Herria museora?
Euskal Herria museoan berba egiten dugu Durangaldeari buruz. Esaterako badugu Gerediagari buruzko olio-pintura bat. Baina gaur bertatik bertara ikusi eta ezagutu dugunaren ondoren, guk, gure neurrian, askoz hobeto azaldu ditzakegu hemengo kontuak museoan.
80ko hamarkadan Garaiko Momoition ibilbideko indusketak egin zituzten lan taldeko kidea izan zinen eta Merioaren ibilbideko geldialdi bat hantxe egin duzue.
Itzelezko aldaketa somatu dut eta dotore baino dotoreago dagoela iruditzen zait. Indusketak egin genituenean azaleratutako aurkikuntzak hain txukun eta denen eskura ikustea pozgarria da. Oso zaindatuta dago inguru hura eta inguruko paisaia ere paregabea da. Arlo pertsonalean, sasoi hartako gomutak ere etorri zaizkit, besteak beste Jon Irazabalegaz eta Lazaro Milikuagaz pasatu nituen denborak. Polita izan da.