Gaur hasiko da Korrika 18 Andoainen. Euskararen alde AEK-k antolatzen duen lasterketak berriro zeharkatuko du Euskal Herria, hilaren 24an Baionan amaitzeko. AEK-ko koordinatzaile nagusia da Mertxe Mujika elorriarra. Azkenengo egun hauek urduri eman ditu, baina pozik dago, hamazortzi hilabeteko lanaren ostean, Korrika martxan dagoelako.
Zer esan nahi du aurtengo Korrikak AEK-rentzat?
AEK momentu on batean harrapatzen du, baina baita kezka bategaz ere: ikasleak erakartzeko behar hori. Korrikak aurten ikasleak omentzen ditu, beti esan izan dugulako gu ikasle barik ez garela ezer. Gure nahia ere bada, Korrika honek emango duen mezua hori izatea eta ikasleak erakartzea.
Ikasleen kopuruan jaitsiera egon da azkenaldian, ezta?
Bai. Ikusten da, duela hiru urtetik hona jaitsiera bat dagoela. Hori bada eskola bere bidea egiten ari delako, gizartea gero eta elebidunagoa delako... Baina ikusten duguna da, azken urteetan krisi mota bi bizi ditugula. Duela hiru-lau urte, krisiaren zantzuak agertzen hasi zirenean, guk igarri genuen gorakada bat zegoela, jendea langabezian egotera eta dirua edukitzera, formazioan inbertitu zuelako. Baina, krisia areagotu egin da. Jaurlaritzatik etorritako ikasleen dirulaguntzak kendu egin zituzten. Bestalde, azkenengo urteetan nolabaiteko prestigio falta ere egon da. Gehiago zabaldu da ideia hau: “Beste hizkuntza batzuk ikasiko ditut; kanpora joateko, lana topatzeko...”.
‘Eman euskara elkarri’ da aurtengo leloa. Zergatik?
Ikusten genuen euskal gizartean fase berri bat abiatzen ginela. Elkarbizitza asko komentatzen zen, eta uste genuen fase horretan ere oso garrantzitsua zela euskaratik egitea. Hortik etorri zen Eman euskara elkarri. Azken finean, euskara euskal herritarron hizkuntza da; berba egiteko, komunikatzeko... Eta elkarbizitzarako, gainera, gako bat legez ikusten dugu. Bakoitzak beretik, baina denok euskara elkarri emateko mezu hori zabaltzen gabiltza.
Zelan bizitzen duzu Korrika, maila pertsonalean?
Niretzako, Korrikak badauzka hiru puntu hunkitzen nautenak. Bat martxan ipintzen denean. Momentu oso magiko hori non lekukoa, bi urtean gordeta dagoena, berriro ateratzen duzun eta sartzen duzu barruan doan mezua, eta badoa... Gero, Elorrion zelan sartzen den eta jendea ikustea. Eta, azkenik, zalantza barik, amaiera. Gure irakasleen lan eskerga eta hainbat eta hainbat herritarrek egiten duten lana eskertu besterik ezin dut egin. Bestela, hau ez genuke aurrera aterako.
Martxoaren 16an 10:00etan. Literatura Eskola, udal liburutegian. 13:30etan. Kantulagun kalez kale. Santanan hasita. Martxoaren 21ean 20:00etan. Karrika antzerki taldearen Inungane, sustraiak airean, Plateruenean. Martxoaren 22an 20:00etan. Biutz antzezlanaren emanaldia, San Agustinen. 22:00etan. Durang(h)ots Jam Session, Omar Acosta flautista gonbidatu bereziagaz, Plateruenean. Martxoaren 23an 21:00etan. Erbestea aberri ikuskizuna, Kriskitin dantza taldearen eskutik, Plateruenean. 22:00etan. Munduko koloreak. Durangoko migratzaile elkarteen eta Ullanah musika taldearen eskutik, Plateruena kafe antzokian.
Oso ekimen hunkigarria izan ohi da Korrika...
Harrigarria da zenbat malko ikusten den lasterketan zehar. Sarritan esaten dugu Korrikaren giltzarria ere hor dagoela, emozioa sortzen duelako. Urduritasun hori, badator badator...