Neberondora buelta bizikletaz egiteko ibilbidea

Anboto 2013ko mar. 14a, 08:30

Mugarra bertatik bertara ikusteko aukera ematen du ibilbideak

Mugarra bertatik bertara ikusteko aukera ematen du ibilbideak.

 

\"\"Neberondora osteratxoa egin eta Mugarra aldera hurreratzeko aukera ematen du ibilbide honek. Laburra izan arren, metro asko igotzen dira, eta horrek ikuspegi ederra bistaratzea ahalbidetzen du. Durangon, Aramotz auzotik irten eta Iurretako Orozketa auzorantz joatea da lehenengo urratsa. Hiru kilometro osatu ostean, basoko pista bat hartu beharko du txirrindulariak. Hortik, Neberondora doan porlanezko pista bat hartu beharko da lasterrera. Bidegurutze bat aurkitu eta eskumara hartu beharko da, gorantz. 400 metro bete eta Landederreko aisialdi gunera ailegatuko da bizikletaria. Hortik gora jarraitu eta aldats gogorra agertuko da. Harrizko pista batetik jarraituta, Neberondo izango da hurrengo tarteko helmuga. Antzinako elurtegia ikusi eta atseden txiki bat hartzeko ingurune aproposa da.

 

Neberondotik jaisteko fasean sartuko da txirrindularia. Merenderoaren atzean dagoen bidexka hartuko du lehenik, eta porlanezko bide bat gero, Izurtzako Santa Ageda ermitara heldu arte. Herrigunera jaitsi, eta Durangorantza joan beharko da ibilbidea amaitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!