Kartel eta laburmetrai lehiaketak martxan daude dagoeneko. Maiatzean egingo dute jaialdi nagusia.
Hamar urte dira Geu Be elkartea jaio zenetik. Hainbat ezindu psikikoren gurasoak batzen hasi ziren, euren beharrizanei aurre egiteko soluzio bila. Batez ere, gazteen aisialdi denbora betetzeko elkargune bat sortu gura zuten. Bolondresen laguntzagaz eman zituzten lehenengo pausuak, eta Durangalde mailako sarea osatzen joan zen.
Hamar urte igaro dira dagoeneko, eta urtemuga hori ospatzeko ekitaldiak hasi dituzte. Berez, jaialdi nagusia maiatzean egingo dutela esan dute elkarteko ordezkariek; asteburu bikoa izango da, batean kirola eta bestean kultura eskainiz. Integrazioaren alde lanean jarraitzeak merezi duela diote Geu Be-koek, jaialdiaren helburuez berba egiterakoan. "Ezgaitasuna duten pertsonek gizarte estamentu eta arlo guztietan parte hartzeko eskubidea dutela adierazteko aprobetxatu gura dugu".
Baina, datozen asteetarako ere badaukate proposamenik. Izan ere, kartel eta laburmetrai lehiaketak egingo dituzte. Helburua, ezgaitasunen inguruan hausnartu eta gaia jorratzea da, prentsa ohar bidez azaldu dutenez. Kartel lehiaketan urtemuga bera izango da gaia, eta apirilaren 9a ipini dute epemuga. "10º ANIVERSARIO GEU BE 2003-2013 GEU BE 10. URTEURRENA" lema eroan beharko du kartelak. Laburmetraiak ezgaitasunen ingurukoak izango dira, eta apirilaren 15ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Geu Be elkarteak Kurutziaga kaleko Garai jauregian daukan egoitzan aurkeztu behar dira lehiaketa bietako lanak. Kartel onenaren egileak 200 euro jasoko ditu, eta laburmetrai onenarenak 250.
Informazio gehiago, elkartearen webgunean