Amankomunazgoak lana sustatzeko hamazortzi proiektu abiaraziko ditu

Anboto 2013ko mar. 6a, 16:31
Durangaldeko udalekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean, sei lanpostu, sei enpresa eta hamasei ikastaro bultzatuko ditu

Durangaldeko udalekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean, sei lanpostu, sei enpresa eta hamasei ikastaro bultzatuko ditu.


Durangaldeko Amankomunazgoa, udalak eta hainbat eragile langabeziaren kontra egiteko batu dira. Lanbidek enplegua sustatzeko dirulaguntza deialdia egin zuen eta, horren harira, diagnostiko bat egiteko elkartu ziren Durango-Durangaldea Prestatuz izeneko foroan. Azterketa hori amaitzean, eskaerak tramitatu zituzten Durango eta Elorrioko udalen izenean. Bada, Lanbidek ia 190.000 euroko laguntza eman du, eta langabetuei zuzendutako hamazortzi proiektutan inbertituko dute. Ikastaroak, langabetuen kontratazioak eta enpresen sorrera sustatuko dituzte. Guztira, 295.000 euroko aurrekontua daukate.

 

Diagnostikoaren arabera, Durangaldean badaude merkatu berri posibleak: turismoa, lan berdea eta nekazaritzaren sektorea dira horiek. Horregatik, diseinatutako proiektu gehienak eremu horietara begira orientatutakoak izango dira, azaldu dutenez.

Hamasei ikastaro
Hamazortzi proiektuetatik hamasei formazio ikastaroak izango dira. Nekazaritza ekologikoa, mugikortasun iraunkorra, eraginkortasun energetikoa, mugikorretarako aplikazioen garapena, sukaldaritza... Askotariko gaiak landuko dituzte ikastaro horietan. Apirilaren 8an hasiko dira batzuk, eta hilerik hile ikastaro berriak garatzen hasiko dira; azkenekoak irailean eskainiko dituzte. Arduradunen arabera, ikastaro horiek Lanbideren ohiko eskaintzaren gehigarriak dira. Orotara, 1.500 ordu egingo dituzte ikastaroak ematen. Ikastaro bakoitzeko, hamabi eta hamabost lagun bitarteko kopuruak edukitzea aurreikusten dute.

Sei postu eta sei enpresa
Gainerako proiektu biak lanpostuen eta enpresen sorreragaz lotutakoak dira. Alde batetik, sei lanposturen kontratazioa bultzatuko dute Urkiola Landa Garapena eta Dendak Bai elkarteen bidez. Kontratazio horiek Lanbidetik bideratuko dira. Bestetik, sei enpresa sortzeko prozesua hasiko dute Behargintzaren eskutik. Horretarako, laguntza eta formazioa emango diete lan barik dauden pertsona horiei.

Egoera aldatu guran
Azkeneko sei urteetan, Durangaldeko langabezia-tasa bikoiztu egin da. 2006an %5,7koa zen langabetuen kopurua, eta 2012an %12,5ekoa. Bizkaian tasa hori handiagoa izan arren –%16,4–, Durangaldean enpleguaren galera erritmo bizian jazo dela esan dute. Egoera hori aldatu guran dabiltza gaur proiektuen aurkezpena egin duten eragileak. Horrela azaldu du Oskar Zarrabeitiak, Amankomunazgoko presidenteak: “Gaur egun eskualdean bizi dugun lan egoerak, plangintza bateratua egitera garamatza”. 


Informazio guztia sustatzaileen webguneetan dago eskuragarri. Proiektuetan parte hartu gura duenak, fitxa bete eta Lanbiden aurkeztu beharko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!