Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna da bihar. Oraindik orain, aldarriz betetako eguna; lilaz margotutako eguna. Horren haritik, hitzaldiak, zine-forumak,lilakrosa, elkarretaratzea... aukera berdintasunaz kontzientzia hartzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte erakunde zein emakume taldeek. Gaur hasita hainbat dira hitzorduak Durango, Zaldibar, Berriz, Iurreta eta Elorrion, besteak beste.
Andragunearen 4. urteurrena ospatuko dute, gaur, Durangon. 2004. urtean Ofelia Hernandez-en erailketaren ondorioz, Plataforma Feministak eskatuta, Berdintasun Kontseilua sortu zen, eta, bost urte luzetako lanaren ekinez jaio zen Andragunea. Hainbat ikastaro antolatu dira emakume elkarteen topagune bihurtu den Andragunean, eta horren bultzatzaileek dioten legez, "askotan proiektu berrien gose" da. "Haatik, emakume berriak ezagutu nahi ditut, beraien esperientziak entzun eta konpartitu eta, nola ez, nire espazioa herrira zabaldu, edukiez betetzen jarraitzeko".
Urteurren hori ospatzeko Durangoko Berdintasunerako Udal Kontseiluak eratutako egitarauaren barruan, Un tranvia llamado deseo bakarrizketa eskainiko du Montse Sarriugartek, 18:00etan, eta, 19:00etan, emakumeen topaketa antolatu dute. Emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako konzentrazioa deitu dute 20:00etan, Andra Mari elizpean. Bestalde, gogoratu Emakumeen unibertsoak erakusketa dagoela zabalik, Andragunean bertan.
Zaldibar eta Elorrion, ipuin kontalaria
Maider Galartza ipuin kontalariak jardungo du, gaur, Zaldibarko liburutegi zaharrean 19:00etan. Emakume basatia errelatoa eskainiko du. Elorrion, berriz, Ana Rodriguez ipuin kontalaria (Apika Teatro) gonbidatu dute. Saioa bi eskainiko ditu Rodriguezek liburutegian: hiru-bost urteko umeentzako saioa hasiko da 17:00etan eta, sei-bederatzi urte bitarteko neska-mutilentzat, 17:20an. Emakumezkoak=kontatzen hartuko du hizpide.
Iurretan, erakusketa
Emakumeen literatur tailerra eta emakumeentzako autodefentsa ikastaroa antolatu dituzte egunotan Iurretan. Martxoaren 12ra arte zabalik dago baita Actividades desde la mujer para la mujer: importancia de la formación izeneko erakusketa be, Ibarretxe kultur etxean.
Herri guztietan deitu dituzte ekitaldiak, biharko, Emakumearen Nazioarteko Egunerako. Baita asteburuari begira ere. Hemen informazio guztia: