94,8 milioi euro. Diru hori inbertitzen du urtero Jaurlaritzak, euro gora, euro behera, administrazioko langileek euskaraz hitz egiten ikas dezaten. UPyDk Legebiltzarrean eskatutako datua da eta El Mundo egunkariak erreportaje zabala egiteko erabili zuen.
Inbertsio hori egiten da, herritarrek askatasuna izan dezaten zerbitzu publikoetan hizkuntza aukeratzeko. Alderdi unionista horrek eta egunkariak irakurketa interesatua egin gura dute, ziurrenik. UPyDk obsesioa du duplizitate edo zerbitzuen bikoiztasunekin. Eta noski, balizko euskal erakunde guztiak, edo espainolak ez direnak, sobera daudela defendatuko dute hemeneta Murtzian. Bikoiztasuna ere hizkuntzetan ikusten dute: Espainia osoan eta bakarrean gaztelera badakigu, zertarako gastatuko dugu dirua hizkuntza periferikoak ikasteko? Ez dira konturatzen fabore itzela egiten digutela unionista austero horiek; euskaldun izaten jarraituko dugulako, aberats edo pobre.
Eta agerian geratzen delako hezkuntza euskaldun batek bermatzen duela, besteak beste, herritarrak elebidunak izatea. “Euskera en libertad” aldarrikatzen dute. Alegia, euskaraz hitz egiteko hautua askatasunean hartu behar dela eta ezin daitekeela inposatu. Ba hori, nik eta Maneirok badugu euskaraz ala gazteleraz berba egiteko askatasuna, elebidunak garelako. Hizkuntza bakarra dakien herritarrak ez dauka “euskara en libertad” egiteko askatasunik. 30 urte barru 95 milioi euro aurrezteko eta herritarron hizkuntza eskubideak “en libertad” errespetatzeko, gizartea euskaldundu beharko da. Elebidunok bakarrik garelako hizkuntza aukeratzeko askeak. Bestela, elebakarren diktadura, Txillardegik zioen moduan.