Korrikaren lekuko, bost egunean zehar

Anboto 2013ko ots. 24a, 08:51

Iker Torre, Lander Arrizabalaga eta Iker Arana korrikalariak erronka berezia prestatzen dabiltza Korrikaren aurtengo ediziorako. AEK-k eratzen duen euskararen aldeko ekimenean, azkeneko bost egunak osorik egingo dituzte lasterka, errelebotan

Iker Torre, Lander Arrizabalaga eta Iker Arana korrikalariak erronka berezia prestatzen dabiltza Korrikaren aurtengo ediziorako. AEK-k eratzen duen euskararen aldeko ekimenean, azkeneko bost egunak osorik egingo dituzte lasterka, errelebotan.

 

Martxoaren 20tik 24ra, Ubidean hartu eta Baionara arte. Bakoitzak, hiru ordu korrika eta sei atseden. Kirolenek, kirol irakaskuntzen ikastetxe publikoak, bultzatu du proiektua. Gainera, Durangoko Ibaizabal eta Elorrioko Txintxirri ikastolen babesa ere badaukate hiru gazteek. Duela sei hilabete hasi ziren prestatzen, eta dagoeneko azken txanpan sartuta daude, erronka heltzeko gogotsu.

 

Torrek (Abadiño, 35 urte) kirol osasungarriaren inguruko ikastaroak ematen ditu Kirolenen, eta Ibaizabal zein Txintxirriko irakasle ere bada. Jarduera fisiko osasungarria sustatzen dutela dio Torrek, eta gai horregaz lotutako esperimentua dela eurena: “Proban zehar hainbat parametro neurtzen joango gara, ikusteko gure osasuna eta prestakuntza fisikoa egokia izan dela horretarako”.

 

\"\"Planifikazio zehatza daukate; medikuagaz egon dira, analisiak egin dituzte, nutrizioa zaintzen dabiltza, entrenamendu bereziak egiten ari dira... Hori bai, euskararen aldeko erronka ere badela ahaztu barik: “Gure bidea kirola da, eta kirola euskaraz bizi gura dugu”, esan du Torrek. Erronken parekotasuna Euren erronka, euskara ikasten dabiltzanek daukatenagaz parekatu du Aranak (Durango, 36 urte): “Euskara ikastea oso gaitza dela esaten da, ezinekoa dela, erronka hau legez. Guk adierazi gura duguna da gure erronka, ondo prestatuta, egin ahal dela, eta euskara ere ikasi ahal dela”.

 

Hiru korrikalariek diote giltza esfortzuan eta motibazioan dagoela. Berbak zabaltzeko aukera Lander Arrizabalagak (Iurreta, 30 urte) oinarri horien bien baturaz egin du berba: “Polita da, gauza biak lotzen direlako, euskara eta kirola”. Arrizabalagaren ustez, kirol arloko berba teknikoak euskaraz zabaltzen hasteko aukera on bat izan ahal da ekimen hau. Torrek gaineratu du horixe dela Kiroleneren helburuetako bat ere: “Kirolenen saiatzen gara hitz teknikoak euskaraz sartzen”. Kirolerrota gimnasioan buru- belarri dabiltza prestatzen. Astean 200 kilometro egiten dituzte arineketan, azaldu dutenez.

 

Proba gogorra dela-eta, Edu Lakuntza zornotzarra ordezko edukiko dute badaezpada. Baina, lorpenean sinisten dute: “Ez gabiltza inolako astakeriarik egiten; gauzak egoki planifikatuz gero, norberaren buruari proposatutako erronkak bete ahal dira”. Durangaldetik pasatzen ere ikusi ahal izango dira, Korrikaren lekuko zuzen hauek.

 


Martxoaren 20an helduko da Korrika

 

Durangaldera Korrika 18 Andoainen hasiko da martxoaren 14an, eta handik hamar egunera amaituko da Baionan

 

Andoainen hasiko da aurtengo Korrika martxoaren 14an, eta Baionan amaituko da hil bereko 24an. Durangaldera martxoaren 20an, eguaztenez, sartuko da Otxandiotik. Korrikaren mezua, Eman euskara elkarri izango da. Honela arrazoitu dute AEK-ko kideek: “Euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako”. Otsailaren 6an aurkeztu zuten Korrika 18-ren ibilbidea AEK-ko arduradunek. Aurten, mugikorretarako aplikazio bat prestatu dute, Korrika herri bakoitzetik zer distantziara eta denborara datorren jakiteko.

 

KORRIKAREN ORDUTEGIA

  • Otxandio 11:58
  • Abadiño 13:00
  • Mañaria 13:34
  • Izurtza 14:12
  • Durango 14:24
  • Iurreta 14:52
  • Durango 15:01
  • Atxondo 15:46
  • Elorrio 16:02
  • Berriz 16:53
  • Zaldibar 17:19
  • Mallabia 17:43

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!