23.700 kilo janari eta 300 kilo arropa, Durangaldetik Tindufera bidean

Anboto 2013ko ots. 15a, 12:00

Aurten, Amankomunazgoak ere dirulaguntza eman dio Herria elkarteari

Aurten, Amankomunazgoak ere dirulaguntza eman dio Herria elkarteari.

 

\"\"

 

Herria elkarteak bultzatzen duen karabanak 23.700 kilo elikagai eroango ditu aurten Durangaldetik Tindufera. Eguaztenean prentsaurrekoa eman zuten Herriako kideek Abadiñon, diruz lagundu dieten udaletako ordezkariekin batera: Abadiño, Berriz, Durango, Garai, Iurreta, Mallabia eta Zaldibar. Aurten, Amankomunazgoak ere dirulaguntza eman dio Herriari, eta horregatik apur bat gora egin du jasotako diru kopuruak; 38.500 eurora ailegatu dira.

 

Horregaz, kamioia hartu dute, eta sobera geratu den diruagaz elikagaiak erosi dituzte. Horrez gainera, 300 kilo arropa eman dituzte JAEDek eta Eroskik, eta eskola materiala eta konpresak ere eroango dituzte kamioian. Aurten jasotako elikagai kantitateak ere gora egin du. Herriako kideek balio handia eman diote horri, krisi sasoia dela ikusita: “Ez genuen uste kantitate hori jasoko genuenik”. Herritarrek 6.200 kilo jaki utzi dituzte herrietako komertzio eta ikastetxeetan dohaintzan.

 

Pasta, lekaleak, babak, garbantzuak, arroza, azukrea, kontserbak eta tomatea bidaliko dituzte kamioian. Herriak udalen eta Amankomunazgoaren laguntza eskertu du, baita komertzio eta ikastetxeen ekarpena ere. Gainera, Elorrion Lajwad elkarteak sustatu du janari bilketa, eta Durangon Andereak plataformaren eta HABEren laguntza ere eduki dute. Elkartasun keinuen artean, nabarmentzekoa da Abadiñoko Udaleko beharginena: Gabonetako otzarari muzin egin diote, eta horretarako erabili behar zen diruagaz saharauientzako elikagaiak erostea eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!