Astelehenean, Zunbeltz Larrea durangarra eta Agustin del Hierro eta Adur Aristegi elorriarrak epaitu zituzten Audientzia Nazionalean. 2002an Gernikan jazotako istilu batzuetan parte hartzea egotzi die fiskalak, eta lau urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du eurentzat.
Hori dela-eta, Durangoko Ezker Abertzaleak elkarretaratzea egin zuen astelehenean bertan, Epaiketa politikorik ez. Irtenbide demokratikoa orain lelopean. Larrea espetxean dago gaur egun, eta fiskalaren eskaera betetzen bada, kartzelan hogei urte pasa beharko dituela kritikatu du Ezker Abertzaleak.
Berriozabal eta Aldasoro Elorrion sinadura bilketa egingo dute asteburu honetan, Inma Berriozabal presoa etxeratzeko eskatzeko. Gaixorik, larri dago Berriozabal Alamako (Galizia) kartzelan. Gaur plazan ipiniko dute mahaia, bihar auzorik auzo eta domekan plazan eta Urarkan. Bestalde, Ramon Aldasoro otxandiarrari 197/2006 doktrina –Parot doktrina legez ezaguna– aplikatu diote. 2017an amaitu behar zuen zigorra, eta 2027ra arte luzatu diote. Castellón (Valentzia) dago Aldasoro.