"Herri saharauiari laguntzeko, hezkuntza oinarri argia dela ikusten dugu"

Anboto 2013ko ots. 13a, 09:34

Saharako errefuxiatuen kanpamentuak ezagutu ostean, bertara eroateko material didaktiko eta liburu bilketa egitea pentsatu dute Joanne Garatek eta Luisa Oleagak. Orain arte, Durangoko ikastetxeetara hurreratu direla azaldu dute, eta oso erantzun ona jaso dutela.

Herria elkartearen bidez ume saharauiak hartzen dituzte etxean Joannek eta Luisak. Koadrilako lagunak dira biak, eta kanpamentuak ezagutzeko aukera eduki dute. Hezkuntzaren arloak daukan garrantziaz jabetuta, hemendik materiala bidaltzeko ekimena abiatu dute.

 

Noiztik daukazue harremana herrialde saharaiuagaz?

Luisa Oleaga: Orain dela zortzi bat urte hasi ginen gure etxean ume saharauiak hartzen, Herriagaz. Sahara maratoian ere parte hartu nuen nik duela urte bi, eta orduantxe joan nintzen bertara.

Joanne Garate: Gurera mutiko bat etortzen da, eta aurtengo udan etorriko da laugarrenez. Hamazortzi urte egin nituenean esan nion amari Saharara joan gura nuela, haren etxera. Lehengusua eta hirurok joan gara aurten hara. Oso gogorra egin zitzaidan umeak horrela ikustea; ez dute egiteko ezer, ez dute gosaltzen... Bueltatutakoan, Luisagaz berba egiten hasi nintzen, eta liburuak batzeko kanpaina egitea erabaki genuen.

 

Zelan doa liburuen bilketa?

L. O. : Pentsatzen genuena baino hobeto. Ikastetxeetara jo dugu, eta oso erantzun ona eman digute. Herriari laguntzeko, hezkuntza oinarri argi bat dela ikusten dugu.

 

Zelakoa da hango hezkuntzaren egoera?

J. G.: Gurera datorren mutikoaren ikastetxea bakarrik ikusi dut nik. Berez, mailaka daude gelak, baina hainbat edadetako jendea zegoela iruditu zitzaidan. Ikastetxeak hemengo antzekoak dira, baina oso material gutxi daukate. Liburu gutxi, asko koaderno barik zeuden... Etxera etortzen ziren etxerako lanekin, eta ikusten nuen hamabi urtegaz, 4+4 lako eragiketak bidaltzen zizkietela. Ez dakite irakurtzen, idazten oso gutxi. Arabierazko eta gaztelaniazko eskolak izaten dituzte, eta oso material gutxi daukate. Ikastetxeetan antolakuntza falta da: han egon garenean, umeak etxean egon dira ia denbora guztian. Esan ziguten egun batzuk jai zituztela gu han ginelako, baina gero ere etxean zeuden. Antza, irakaslea falta zen.

 

Liburuak aisialdirako tresna ere badira.

L. O.: Nik pentsatzen nuen, denbora librea daukatenez, antzerkia eta horrelako kontuak egingo zituztela. Baina ez; gure umea egun guztian etxean egoten zen, tea hartzen. Jolastu bai, baina etxe ondoan. Pertsona nagusientzako ere liburuak ondo egon daitezkeela ikusten dugu. Andra guztiak jaiman botata egoten dira, egun osoan. Literaturako liburuek on egin diezaieke...

J. G.: Gure etxera margotzeko liburuak eroan genituen, eta ikusten genuen amek ere margoztu gura zutela, umeei kentzen-eta ibili ziren.

 

Bueltatzeko gogoagaz zaudete?

L. O.: Ea hala den, behin aurreztuta eta karrera amaitzen dugunean... Orain egoera ez dago oso ondo. Aurten ez dute Sahara Maratoia egin, arrisku larregi dagoela esan dute.

J. G.: Ni orain bertan joango nintzateke. Hezkuntzan lagundu ahal dugula uste dut, nahiz eta gazteak izan. Hezkuntza da oinarria handik irteteko. Euren desertu horretatik ezin direnez irten, zarata handia egin arren, ez diete entzungo; munduarentzako ez dira existitzen. Pasaporteak lortzeko Aljeriara joan behar dute, pilo bat ordainduta... Ez da interesatzen. Ezin denez ezer egin, bertan hezkuntza bat eman behar dela ikusten dugu, gero handik irten ahal izateko. Oso goiz uzten dituzte ikasketak. Neskek batez ere, ezkondu eta umeak edukitzeko. Mutilek ikasi dezakete, eta polizia izan han, baina hori ere gaitza da.

 

Noiz bidaliko dituzue liburuak?

L.O.: Karabanan joango dira liburuak apurka-apurka. Ahal dugunean gu joatea eta materiala eskura ematea ere gustatuko litzaiguke. Herria elkarteko tabernan batzen dituzte liburuak, eta informazio gehiagorako: lagundusahara@gmail.com

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!