Mugarra eta Anbotoren magalean zehar ibiltzeko aukera ematen du ibilbide honek; Durango, Iurreta, Abadiño eta Atxondo batzen ditu.
Durangaldeko paisaia erakargarrienetakoak hurretik ezagutzeko aukera ematen du ibilbide honek. Durango, Iurreta, Abadiño eta Atxondo zeharkatuz, Mugarra eta Anboto mendien magaletatik ibiltzea ahalbidetzen du. Durangotik irten eta Iurretako San Andres auzorantza jotzea da bizikletariaren lehenengo eginbeharra. Auzoa zapaltzean, Neberondorako bidea hartu behar da. Hortik, Orozketarantza doan pista bat hartu behar da, Santa Luziatik eta Landaederratik pasatuta.
Orozketatik beherantza jarraitu, eta Durangora ailegatzean, Tabirara joatea eskatzen du. Gorantza egin eta Santikularreko antenetara joatea izango da hurrengo urratsa. Mendiola auzoa zeharkatu eta Atxartera jaitsiko da txirrindularia. Sagastatik Axpera igarotzea lortuko du, eta hortik Apatamonasteriora segitu behar da.
Azkeneko pedalkadak geratuko dira hortik aurrera. BI-632 errepidearen albotik Abadiñora hurreratu, eta bidegorria hartuta, Durangora helduko da, helmugara.