Durangoko inauterien musikagaz CDa kaleratu du Jaizale txistulari taldeak.
Bertan dira inauteriak. Gaur bertan, hainbat eskola-ume ibiliko da mozorrotuta. Berrizen eta Abadiñon, esaterako, jaialdiak egingo dituzte eskoletan. Mallabian ere, barikua mozorrotzeko eguna da; urdinez janzteko deia egin dute.
Hala ere, ekitaldi nagusiak zapatuan eta martitzenean izango dira. Bihar iluntzean, Durangon, Surrandi eta Hartzaren konpartsak irtengo du Kriskitinek antolatuta, Jaizale txistulari taldeagaz eta Tabirako Bandagaz. Aurten, gainera, Jaizalek, hainbat herritarrekin, Durangoko inauterien musikagaz CDa grabatu du.
Zapatuan, baita, Abadiñon kalejirak egingo dituzte Zelaietan eta Traña-Matienan, eta Berrizen eta Elorrion mozorro lehiaketak antolatu dituzte. Berrizen, koadrilen jaitsiera eta afari herrikoia izango dituzte. Martitzenean, umeen jaialdia eta mozorro lehiaketa izango dituzte Zaldibarren, eta Luhartzek joko du Elorrion.