"Eremu askotan gabiltza euskararen alde lanean; indarrak batu behar ditugu"

Anboto 2013ko ots. 7a, 08:41

Askok bertso saioetan gaiak jartzetik ezagutuko dute Maite Berriozabal. Berbaroko kudeatzaile lana hasi du, eta \"Erronka eta aukera handia da\" berriztarrarentzat. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen, eta euskalgintza arloa sakondu du orain arteko lanetan

Askok bertso saioetan gaiak jartzetik ezagutuko dute Maite Berriozabal. Berbaroko kudeatzaile lana hasi du, Lehior Elorriagaren lekukoa hartuta, eta "erronka eta aukera handia da" berriztarrarentzat. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen, eta euskalgintza arloa sakondu du orain arteko lanetan. Unibertsitatean ibili da azken hileotan hizkuntza gutxituen eta komunikabideen inguruko ikerketak egiten. Berbaroko erronka berriari heltzeko gogoz dago berriztarra.

 

Zelako itxura hartzen diozu lan berriari?

Erronka berri bat da niretzako. Euskara beti eduki dut bizitzaren erdigune, eta orain arteko nire lanean euskara lotune izan dela esan nezake. Berbaro arlo honetan erreferente bat da Durangalde mailan, eta esango nuke Bizkaia mailan ere badela erreferente. Niretzako aukera handia da bertan hastea.

 

Zeintzuk izango dira zure eginkizunak?

Batez ere, Berbarok dauzkan zerbitzuak kudeatuko ditut: gazteria arloa, diru kontuak... Durangoko Udalaren Euskara zerbitzua ere hor dago. Proiektu horien gainean egon, eta premiei aurre egiten ikasi beharko dut. Nire lana lantalde bat kudeatzea izango da, batez ere.

 

Berbaro barrutik ezagutzen hasi zara. Zer nabarmenduko zenuke bere egitasmoetatik?

Berbarok lan asko egin du aisialdira eta gazteriara begira. Orain badago Gurean kanpotik etorritako umeei euskara errefortzua emateko egitasmoa, badaude motibazio tailerrak... Gizarteko premiei erantzuteko zerbitzuak dira. Berbarok momentuan momentuko beharrizanak detektatzen eta erantzunak topatzen jakin duela iruditzen zait.

 

Unibertsitatean zelako lanetan ibili zara?

Master bat egin, eta gero ikerketa batzuetan ibili naiz lanean. Ikerketak egiterakoan, argi ikusi dugu euskarari laguntzeko beste hizkuntza gutxituetan zertan dabiltzan jakin behar dugula. Ikerketa batean munduko hizkuntza gutxituetan emititzen duten telebisten mapa egin dut. Azken finean, hizkuntza komunitate bat osatzeko, espazio fisikoaz gainera, komunikabideek sortutako espazioak ere eragiten du. Beste ikerketa batean, Euskal Herriko tokian tokiko telebisten emisioak aztertzen ere ibili naiz. Lizentziak banatu zirenean eskatzen ziren edo ez aztertu dut.

 

Bertsozale elkartean zabiltza, EMUNen ibili zara... Zelan sumatzen duzu euskalgintzaren osasuna?

Euskararen borroka beti izan da mundu txiki batean egitekoa, eta euskararen motibazio horrekin sortutako elkarte asko daude. Sarritan, agian ez dugu gure arteko koordinazioan asmatzen. Durangon bertan, modu batera edo bestera euskara oinarri daukaten hainbat elkarte daude, eta batzuetan egunerokotasunak gainditzen gaituelako, ez gara mugitzen gure artean batasuna lortzera eta denok batera indarra egitera.

 

Duela gutxi Bizkaiko euskara elkarteen topaketan egon zara. Zer moduz?

Topagunea badabil mapa bat egin guran, orain artekoa zaharkituta dago eta; Durangaldean egondako hainbat elkarte agertzen ziren han. Batzuetan langilerik ez badago, kostatu egiten da elkarteek aurrera egitea.

 

Transmisioaren arazoa ere badago hor: zenbateraino lortu dugu belaunaldi berriek lekukoa jasotzea?

Gizarteko aldaketek asko eragin dute horretan; ez bakarrik krisi ekonomikoak, krisi sozialak ere bai. Berbarok, Plateruenak eta Anbotok zuztarretara jo eta elkarlanean jarduteko prozesua hasi dute. Badakit hausnarketa batzuk egon direla, eta hori dela-eta, batzargune batzuk sortu direla.

 

Berbaro, azkenean, zer puntutaraino da Pinondo Etxean kokatzen den euskara elkarte hori?

Hori bada, baina Plateruena ere Berbaro da, eta Anboto ere bai. Nire ustez, positiboa da indar metaketa eta norabide berean apustu egitea. Sorburuetara bueltatzeak ekartzen badu garai bateko motibazioetara eta identitate horretara bueltatzea, positiboa da. Elkarrengandik asko ikasi eta aprobetxatu genezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!