Gazteak borondatezko lanetan pertsona ezinduekiko konpromisoa erakusten

Anboto 2013ko urt. 20a, 08:14

Ana Basabe eta Irene Egialde Durangoko Jesuitak ikastetxeko ikasleak, \'Eskertzak, jaso duguna besteei itzultzera eroaten gaitu\' izeneko boluntariotza egitasmoko parte-hartzaile bi dira. Eta Gorabide, adimen urritasuna duten pertsonentzako aisialdi zerbitzua bideratzen duen Bizkaiko elkartea aukeratu dute gazte bi horiek boluntario lanak egiteko

Ana Basabe eta Irene Egialde Durangoko Jesuitak ikastetxeko ikasleak, Eskertzak, jaso duguna besteei itzultzera eroaten gaitu izeneko boluntariotza egitasmoko parte-hartzaile bi dira. Eta Gorabide, adimen urritasuna duten pertsonentzako aisialdi zerbitzua bideratzen duen Bizkaiko elkartea aukeratu dute gazte bi horiek boluntario lanak egiteko.

 

Jesuitak ikastetxeak aurrera daroan proiektu honek, hiru atal ditu, formakuntza teorikoajasotzen dute eta hainbat elkartetako praktikaldiarekin uztartzen dute. Amaieran, memoria bat ere osatu behar dute. Sei orduko formakuntza teorikoan bolondres idealaren eredua zein izan beharko litzatekeen irakasten diete gazteei, Ana Basabek adierazi duenez.

 

Gorabide hurrekoa zuten Basabek eta Egialdek, bertako begiraleekin arinagotik harremana zuten, eta horregatik aukeratu zuten bertan aritzea. Gazteak gustura dabiltza borondatezko lanak egiten. Irene Egialderen berbetan, “Lagun artean bezala gaude hemen. Niretzako ordu bi direna, Gorabideko adimen urritasuna duen pertsona batentzat askoz gehiago da, eta guretzako ez da inolako esfortzua denbora hori haiei eskaintzea. Askotan konpainia eginda edo haien kontuak entzunda asko pozten dira”. Gorabide elkarteko gainontzeko begiraleak ere oso pozik daude gazte hauen parte-hartzearekin. Duela urte bitik begirale lanetan dabilen Miren Aldazabalek azpimarratu gura izan du gazteek gizarteko parte diren pertsona ezinduekiko duten konpromisoa. Izan ere Durangoko Gorabideko begirale guztiak gazteak dira, eta aurreko urteetan Jesuitak ikastetxeko egitasmoan parte hartu zuten zenbaitek, gaur egun oraindino Gorabiden jarraitzen dute, bolondres lanetan.

 

Aldazabalek adierazi duenez, boluntariotza bultzatzeko egitasmoak oso urriak dira, eta Jesuitak ikastetxeak egiten duena eredugarria da. Halako proiektu gehiagoren beharra dagoela dio Gorabideko begirale gazteak. Izan ere, pertsona askok elkarteko aisialdi ekintzetan parte hartu nahi dute eta begirale nahikorik ez dagoenez, ezin dituzte danak onartu. Gorabidek Durangon duen taldean inguruko herrietako lagunek parte hartzen dute, haien herrietan ez dagoelako eskaintza hori.

 

Egialderen ustetan, borondatezko lanak egiten dituztenen kopurua urriagoa da krisi garaian, eta adimen urritasuna duten pertsonak gizartetik gehiago alboratzen dira. Bazterketa hori ahalik eta txikiena izan dadin lan egiteko prest daude, eta horregatik etorkizunean ere Gorabiden jarraitzeko asmoa dute gazteek. Jesuitak ikastetxearen egitasmoaren laugarren edizioa da hau. 18 ikaslek parte hartzen dute, eta Aitziber Agirre irakaslea da koordinatzailea. Gorabiden, Astarloa nagusien egoitzan, etorkinak hartzen dituen Jesuiten etxean eta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleen begirale lanetan dabiltza gazteak. Pertsonak arlo akademikoan zein giza eta fede balioetan heztea da asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!