www.beharsarea.net/Durangaldea webgunean sartu eta zerbitzua erabilgarri dute interesdunek.
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen Beharsarea egitasmoan sartu da Durangaldeko Amankomunazgoa. Interneteko tresna honen bidez, euskara dakiten herritarrek euren lan eskaerak egin ahal izango dituzte, eta euskaldunak behar dituzten enpresek ere bertan edukiko dute eskaintzak egiteko aukera. www.beharsarea.net/Durangaldea webgunean sartu eta zerbitzua erabilgarri daukate dagoeneko interesdunek.
Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak ekimenaren arrazoiak azaldu ditu aurkezpen prentsaurrekoan: "Gure herrietan gero eta handiagoa da ostalaritzan, dendatan edota umeak zaintzeko behar diren euskaldunen eskaera. Bestalde, hiritar guztien eskura dagoen tresna bat da, eta bertan zerbitzuak eskaini ahal dira". Gainera, baliabide honegaz helburu bi betetzen dituztela adierazi du Zarrabeitiak: "Enplegua bultzatzea eta euskararen erabilera eta normalizazioaren prozesua garatzea".
webgunea atal bitan
Atal bitan banatzen da webgunea. Lana behar dut atalean, euskara dakien eta lan bila dabilen edozeinek egin ahal du eskakizuna. Jendea behar dut atalean, ostera, komertzioak edota enpresak dira iragarkia ipintzeko aukera daukatenak. Kasu bietan, formulario bat bete beharko dute zerbitzua erabili gura dutenek. Horrela, zuzenean ipini ahal izango dira kontaktuan alde biak.