Segurtasun Saileko sailburu Estefania Beltran de Herediak adierazi duenez, Bizkaian eta Gipuzkoan interbentziorako zein babeserako zerbitzuak alertatu eta aktibatu dituzte. Oraingoz, gainbegiratze fasean daude.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiak eta uholdeak jasan ditzaketen herrietako alkateek, besteak beste, osatutako Aholku Batzordea deitua izateko prest dago, alerta maila areagotzea erabakitzen dutenerako. Alerta maila areagotzea erabakiko balute Batzordea batzartu egingo litzateke lanen koordinazioa planifikatzeko. Ertzaintzako iturriek adierazi dutenez, oraingoz Donostian eta Getxon bakarrik dago aktibatuta erabat emergentzia plana. Gainerako herrietan gainbegiratze fasean daude. Gogoratu behar da itsasgora arratsaldeko 19:00etan izango dela eta orduan izango dela unerik arriskutsuena.
Era berean, gainezka egiteko arriskurik handiena duten Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaien egoerari etengabeko jarraipena egiten die URAk (Uraren Euskal Erakundeak) eta Euskalmetek (Meteorologiaren Euskal Agentziak). Honako hau da Euskalmeten eguraldi iragarpena eguztenerako: "Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Prezipitazioa ugaria izango da, eta oso ugaria kantauri isurialdean, bereziki ekialdean. Arratsaldean elur-kota 1200-1400 m inguruan egongo da, egun amaieran 1000 metrora jaitsiz".
Eurite handiak dauden aldiro gertatzen den moduan, Ibaizabal erreka Abadiñoko Traña-Matiena auzotik igarotzen den puntuan urak gainezko egin du goiz-goizetik. Iurretan ere oso altu dago uraren maila.
Ibaizabal erreka Iurretako zubitik
Ibaizabal erreka Abadiñoko Traña-Matiena auzoan
Ibaizabalen beste irudi bat Iurretan (Iturria: @atutxa)