Zornotzan bizi den Laura Navasek irabazi du JAEDen autoa

Anboto 2013ko urt. 11a, 13:18

Errege egunez egin zuten zozketa. Handik egun bira egunkarian irakurri zuen irabazlea ez zela oraindik agertu. Etxean gorderik zituen txartelak begiratu eta \"a zer sorpresa, neu naiz-eta irabazlea\", adierazi du.

 

Caceresko Coria herrian jaio zen Laura Navas Moreno (32 urte), baina badira zazpi urte Zornotzan bizi dela. Urtero erosten ditu JAEDeko zozketako hiru-lau txartel. Aurten ere bazituen batzuk etxean gordeta. Zozketa egin eta handik egun bira egunkarian irakurri zuen autoaren irabazlea oraindik ez zela agertu: “Lau zenbatik hasten zen txartel irabazlea eta banekian zenbaki horretik hasten zen txartelen bat nuela. Begiratu eta a zer sorpresa, neu naiz-eta irabazlea. Egunkaria begiratu ez banu enteratu ere ez nintzen egingo beharbada”.

 

Irabazi duen Citroen C3 Picasso autoa ondo etorriko zaiola dio, orain duena "zahartu samar" dagoelako. Navas haurdun dago eta lau hile barru jaioko zaio alaba: “Auto handia da eta espazio aldetik ere ondo etorriko zaigu. Besapean ogia dakarrela baino, kasu honetan, besapean autoa dakarrela jaioko zaigu haurra”, azaldu du umoretsu.

 

JAED bazkide berri bila

 

Navasek Maria Eugenia Uncilla JAEDeko presidentearen eskutik jaso du saria. Uncillak dio aurten iaz baino txartel gutxiago saldu dituztela, baina hala ere pozik dago zozketak izan duen erantzunagaz: “Kontuan hartu behar da iaz errege eguna bariku batez izan zela eta domekara arte luzatu genuen zozketa. Egun bi gehiago izan genituen. Dena dela, aurten ere 50.000 txartel inguru saldu ditugu eta oso ondo dago. Herriarentzako lan egiten dugu eta herriak erantzuten duela ikustea pozgarria da”.

 

JAED 1963an sortu zen eta Uncilla bertako presidentea izan da beti; beraz aurten 50 urte egingo ditu JAEDeko presidente legez. Bazkide berrien bila dabiltzala ere adierazi du. Interesatuek 94 620 14 68 telefono zenbakira deitu dezakete. JAEDek baliabide ekonomiko urriak dituzten herritarrei laguntzea du helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!