55 urtetik gorako hainbat pertsona ikasle bihurtu da \'Gaurko munduan bizitzeko gakoak\' ikastaroan. Arinago ikastaroan ibilitako lagun talde batek Bizidun elkartea sortu du, ikasten jarraitzeko.
Koadernoa hartu eta eskola denboretan legez, ikasteko aukera izaten dute 55 urtetik gorakoek DEI Durangaldeko Esperientzia Institutuan. Eguazten honetan Gaurko munduan bizitzeko gakoak ikastaroa hasi dute bertan. Hainbat gauza landuko dituzte: pertsona nagusiek gizartean duten papera, zahartzaroak norberaren bizitzan duen eragina, autoestimua, historiako pasarteak, Durangaldeko kultura eta historiaren errepasoa...
Maiatzera bitartean, eguaztenero izango dituzte hitzaldiak eta irteerak, 17:00etatik 19:00etara, eta oraindik taldea zabalik dago. Interesa edukiz gero, Behargintzan galde daiteke edo 94 623 25 22 telefonora deitu. Amankomunazgoak eta Durangoko Udalak antolatzen dute DEI.
Bizidun elkartea
Ikasi eta formazioa hartzeaz gain, lagun berriak egiteko lekua ere bada Esperientzia Institutua. Ikastaroa amaituta ikasten eta elkartzen jarraitu gura izan duen talde batek Bizidun Elkartea sortu du. Bertako kide Maribel Navarrok azaldu duenez, "antzeko jakingurak eta grinak batzen dituen laguntaldea" da Bizidun.
Urtarrilerako komunikazioagaz eta psikologiagaz lotutako hitzaldiak antolatu dituzte. Jose Mari Berriozabal taldekideak nabarmendu du automotibazioa eta autoestimua ematen dituela taldeak: "ikasten jarraitzea eta besteentzako lagungarriak izatea gura dugu". Enrique Jimenezek gaineratu du, asmoa gizartean parte hartzen jarraitzea dela: "adinean aurrera joateak ez du esan gura gizartetik isolatu behar dugunik".