Goiurian hasi eta Elorrion amaitzen den ibilbidearen bidez Durangaldearen sorrera, erakundeak eta historia ezagutarazteko ibilbide turistiko bi antolatu ditu Gerediaga elkarteak: urtarrilaren 19an gaztelaraz eta 20an euskaraz.
Euskarazko zein gaztelerazko ibilbideetarako hitzordua goizeko 09:30ean ipini dute Iurretako plazan. Izena emateko modu bi daude: 94 681 80 66 telefono zenbakiaren bidez eta honako e-mailean: gerediaga@durangokoazoka.com. Izen-ematea 15 euro izango da eta urtarrilaren 16ra arteko epea dago.
Ibilbidea autobusez egingo dute eta zortzi geldialdi aurreikusten ditu Merioaren Ibilbidea osatzen duten zortzi guneetan, hain zuzen: Goiuria (Iurreta), Momoitioko San Juan (Garai), Garaiko elizatea, Gerediaga foru zelaia (Abadiño), Astolako Auzitegia (Abadiño), Muntsaratz dorretxea (Abadiño), San Agustin Etxebarria eta Elorrioko uria.
Zortzi guneetako bakoitzean informazioa hiru hizkuntzatan (euskaraz, gazteleraz eta ingelesez) jasotzen duten totemak edo informazio guneak daude ipinita. Datu historikoak argazkiekin hornituta daude eta mugikorrentzako QR gakoak dituzte: “Gakoak gure webgunera gidatuko du bisitaria eta bertan ibilbidea oinez, bizikletaz zein autoz egin gura duenarentzako track-ak ipintzen dihardugu”, adierazi du Gerediaga elkarteko gerente Aitziber Atorrasagastik. Horrela, bakarka, lagunekin edo familian, edonoiz nork bere egunpasak antolatzeko aukera eskaintzen dute.
Ekimena aurkezteko gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan Ana Otadui Elorriko alkateak adierazi duenez ibilbide turistikoak “Durangaldea ezagutzera emateko baliabide ezinhobeak dira”. Gerediaga elkarteko Jon Irabazalek “turismoaren bidez, ondare elementuak balioan jarriko” dituztela azaldu du: “Besteak beste, ondare eta eskualde kontzientzia berreskuratzeko asmoz jaio zen ibilbidea”.
2010etik hona hainbat bider egin dituzte antzerako ekimenak, baina tokian tokiko ikastetxeetako ikasleekin. Orain urte bi 400 bat ikaslek parte hartu zuten ibilbideetan.