Euskara Sustatzeko Plangintza Orokorra onartu du Durangaldeko Mankomunitateak. Hizkuntzaren normalizazio bidean "ezinbesteko tresna" izango da, erizpideak sendotzeko, hainbat alde desberdin indartzeko, ahuleziak konpontzeko eta talde-lana berbideratzeko. Planaren diseinurako udal teknikarien ekarpenak jaso dituzte.
Durangaldeko Mankomunitateko presidente Oskar Zarrabeitiak azaldu duenez, plangintza honek "laburra eta argia" izan behar du. "Era berean, mankomunitatea osatzen dute herrietako arlo desberdinak hartu behar ditu kontutan, hala nola, familiako transmisioa, enplegua, aisialdia, kirola, kultura, teknologia berriak eta komunikabideak". Jorratzen duen beste arlo bat da euskararen erabilera administrazio publikoan.
Plangintza osatzeko "ezinbestekoak" izan dira mankomunitatea osatzen duten herrietako euskara teknikarien ekarpen eta iradokizunak, Zarrabeitiak nabarmendu duenez: "Plangintza honek aurrera egin dezan banakako iradokizun eta ekarpenak garrantzitsuak dira, horiek bermatzen dute-eta euskararen normalizazioa gure eskualdean".
Durangaldeko Mankomunitateak Euskara Zerbitzua martxan jarri zuenetik hainbat izan dira euskararen erabilera sustatzeko garatutako egitasmo eta jarduerak. Horien artean dago 2010ean onartutako Euskararen Erabilerarako Plangintza.