Euskara biziberritzeko plan nagusia onartu dute aho batez

Anboto 2012ko abe. 22a, 08:15

Oskar Zarrabeitia presidenteak euskararen normalizaziorako bidean ezinbesteko tresna dela azpimarratu du. Bilduk \"zehaztasun falta\" salatu du

Oskar Zarrabeitia presidenteak euskararen normalizaziorako bidean ezinbesteko tresna dela azpimarratu du. Bilduk “zehaztasun falta” salatu du.

 

Zarrabeitiaren arabera Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian udalekin elkarlanean lantzeko egokienak diren esparruak hautatu dituzte: familia transmisioa, euskalduntze-prestakuntza, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, teknologia berriak eta komunikabideak: “Helburu zabalak zehaztu dira, baina guztiak erdiesteko modukoak direla uste dugu. Helburuak eskuratzeko ezinbestekoak diren estrategiak ere agertzen dira”.

 

Amankomunazgoa osatzen duten euskara teknikarien eta arduradunen arteko elkarlana azpimarratu dute: “Beraiek egindako iradokizunak eta ekarpenak ezinbestekoak izan dira Plana diseinatu eta aurrera eramateko”. Bilduko Arrate Elkorok ere teknikarien lana azpimarratu du, baina Planari “zehaztasun falta” ikusten dio eta “helburuak orokorrak” dira. Planari jarraipena egitea eta gehiago zehaztea eskatu du.

 

Ekintza Plana onartu dute

Durangoko Amankomunazgoaren Ekintza Plana ere onartu dute, Agenda Lokal 21aren barruan. Aldeko hamaihiru bota jaso ditu eta kontrako sei. Zarrabeitiaren arabera plana beharrezkoa da “eskualdean Durangaldeko hainbat herritan eragina duten proiektuak garatzen direlako eta herriek interes eta beharrizan amankomunak dituztelako; jasangarritasunak ere ikuspuntu eta estrategia amankomunak eskatzen ditu”.

 

Bilduren ustez planari helburu estrategiko “garrantzitsuenetako bat” falta zaio Ekintza Plan horri: parte hartzea. “Agenda 21en helburuetako bat parte hartzea sustatzea da, eta plan honek hasieratik ahazten du hori. Herri ezberdinetako ordezkarioi ez zaigu azaldu plana, ez zaigu azaldu gure proposamen asko zergatik geratu diren kanpoan", diote. Gaineratu dutenez, "gogoratu behar dugu batzar politikoetan herrietako alkateak egon zirela bakarrik, oposizioak zeudenak kanpoan utziz, beraz, beraien proposamenak kanpoan utziz”. Zarrabeitiak plana ez dela itxia erantzun dio horri: “Abiapuntua da. Urtean-urtean ekintza eta proposamen berriak gehitzen joango gara plana egokituz”.

 

Amankomunazgoan ez dauden (edo zerbitzu batzuetan bakarrik dauden) Berriz, Garai eta Otxandiori euren iritzia eskatu zaien ere galdetu du Elkorok. Horren aurrean, Zarrabeitiak azaldu du, ez daudela amankomunazgoko gobernu organoetan eta gonbita egin gura diela bat egitera, "horrela zerbitzu denak izan ditzaten”.

 

Aparteko ordainsariak

Funtzionario eta lan kontratupeko langileei abenduko aparteko ordainsaria ez ordaintzea ere onartu dute amankomunazgoan. Espainiako Gobernuaren erabakia dela argitu du Zarrabeitiak: “Derrigor ezarri behar dugun araua da, ezin dugu sahiestu". Oskar Zarrabeitiak berak ere ez du gabonetako aparteko soldatarik kobratuko. Horrela onartu zuten egindako batzarrean. Mankomunitateko presidenteak "gainerako langileekiko elkartasuna" erakusteko modua dela azaldu du. Azken bozketa honetan Bilduko ordazkariak abstenitu egin dira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!