Bertako erakunde historikoak gogoratzeko Gerediagaren ekimena

Anboto 2012ko abe. 20a, 12:40

Gerediaga elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek elkarlanean antolatu dute Medinalde Egunerako egitaraua. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte abenduaren 27, 28 eta 29rako

Gerediaga elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek elkarlanean antolatu dute Medinalde Egunerako egitaraua. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte abenduaren 27, 28 eta 29rako.

 

"Gure lurraldetasuna eta berezko erakundeak gogoratzeko" antolatu dute Durangoko Merinalde Eguna. Izan ere, Gerediagak gogorarazi duenez, 1875eko abenduaren 27an bildu ziren azkenengoz Durangaldeko elizateetako alkateak Gerediagako Foru Zeilaian. Hurrengo urteko uztailean kendu zituzten foruak, eta eskualdetako erakundeak desargertarazi.

 

Aurten, urteurren hori ezezik, beste bat ere hartuko du Merinalde Egunean Gerediagak gogoan: azaldu dutenez, "abenduaren 29an beteko dira 800 urte Durangaldeak eta Bizkaiak historian elkar bidea hasi zutela". Durangoko lurrak Alfontso VIII.a Gaztelako erregearen menpe egon ziren 1200. urtera arte, baina Navas de Tolosako gudaldian eskainitako laguntza eskertzeko Diego de Haro II.a Bizkaiko jaunari eskaini zizkion 1212an.

 

Durangaldeko Teila

Durangaldetik kanpoko herritar bati eskaintzen dio Gerediaga elkarteak, bi urterik behin, Durangaldeko Teila saria. Aurten, Muskizen jaiotako Iñaki Garcia Caminok jasoko du. Eskualdearen alde egindako lana eskertuko diote Garcia Caminori, abenduaren 29ko Gerediagako Foru Zelaiko ekitaldian. Historian doktorea da Iñaki Garcia Camino, eta besteak beste, Iurretako Amatzako San Martin eta Garaiko Momoitioko San Juan baselizetako eta Elorrioko Argiñetako indusketak burutu ditu. Garcia Camino Bilboko Arkeologi museoko zuzendaria da, gaur egun.

 

Egitaraua

Abenduaren 27an, 19:30ean, Elorrioko San Agustin Etxebarriko elizan: Zaragozako \'Los Navegantes\' konpainiaren Duranguesado: cruce de caminos antzerki eta musika ikuskizuna eskainiko du, Durangoko kondeen omenez.

 

Abenduaren 28an, 19:30ean, Durangoko Kurutzesantu museoan: Jon Irazabalek Duranguesado: breve historia liburua aurkeztuko du.

 

Abenduaren 29an, 12:00etan, Gerediagako Foru Zelaian: 800. urteurrenaren oroimen ekitaldia egingo dute, eta bertan jasoko du Iñaki Garcia Caminok Durangaldeko Teila saria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!