Gazte antolakunde baten premia nabarituta, Euskal Herrian 2.000 gazte inguru dabil Gazte Zukgua prozesuan parte hartzen. Orain arte, munduan eta Euskal Herrian dagoen egoera aztertu dute. Gazte antolakundearen oinarriak definitzen ibiliko dira orain hasi eta martxora bitartean.
Zelako lana egin duzue orain arte Gazte Zukguan?
Josu Arrinda: Prozesua hiru bloketan banatzen da. Irailean hasi zen, eta orain arteko blokeetan munduaren egoera orokorra eta Euskal Herriko historia laburra landu ditugu. Abenduan hirugarrena hasiko dugu, garrantzitsuena: gazte estrategia deitzen da. Euskal gazteek bizi dituzten arazoak ikusita, horiei aurre egiteko zer bide jorratu pentsatuko dugu. Dena definituko da: gazte antolakunde berriaren militantzia eredua, lan egiteko formak, jarrerak... Egoeraren diagnostikoa egingo dugu, arlo politikoan, sozialean, aisialdian... Horri zer erantzun edo alternatiba eman pentsatu beharko dugu. Blokea amaitzerakoan kongresu bat egingo da martxoan, eta erakunde berriko oinarriak, izena eta logoa erabakiko dira.
Aintzane Antxia: Izena eta logoarena ia abian dago. Proposamenak bidaltzeko helbide elektroniko bat dago, eta geroago, bozkaketak egongo dira.
Zer metodologiagaz zabiltzate lanean?
J.A.: Bloke bakoitza lantzeko asanbladak egin ditugu. Gai bakoitzean oinarrizko txosten bat dago, eta horren gainean aldaketak egiteko ekarpenak egiten ditugu. Herrika egiten da, eta herri bakoitzak erabiltzaile bat dauka webgunean; handik egiten dira ekarpenak. Guztiei zabalik dago. Oinarrizko ardatz batetik hasita: antolakunde ezkertiarra, sozialista eta independista izango da.
Eskualdean zer giro duzue? iIusioagaz dabiltza gazteak?
J.A.: Durangalde mailan ehun bat gazte batzen gabiltza,gogotsu. Aurpegi berri asko daude, eta ilusioa dugu behintzat.
A. A.: Beldur gutxiagogaz gainera, hain zabala izanda.
J. A.: Interneten daude txosten eta material guztiak, eta horrek jendeari mugak ere kentzen dizkio. Edade askotako jendea dago: 16tik 26ra. Oinarri ideologiko bat daukan jendea da, baina agian sozialismoaz asko jakin barik. Horregatik, horrelako prozesu batek ere balio du norberaren burua formatu eta pentsakera propioa sortzeko. 16 urteko gazte batentzako oso emankorra izan daiteke, burua formatzeko bakarrik, kristoren aukera da.
Azaroaren 17an protesta ekintza egin Zukguak-ek Durangon.
J.A.: Durangoko taldeak egin zuen, bankuen austeritatearen kontra. Zerikusi zuzena daukate bankuek gazteok bizi ditugun hainbat arazorekin. Protesta egiteaz gainera, prozesua ezagutarazteko ekintza izan zen.
A.A.: Mallabian argazki lehiaketa bat eta bideo batzuren emanaldia prestatzen gabiltza.
J.A.: Ekintzekin prozesuaren berri eman gura dugu. Hasieratik parte hartu ez duen jendeak aukera dauka edozeinmomentutan parte hartzen hasteko. Lan egiteko gogoa daukan edonor ondo-etorria izango da.
A.A.: Tximeleta dokumentala egin dute, gazteriak azken urteetan eduki duen bilakaerari buruzkoa. Oso baliagarria da oraingo momentua ulertzeko. Durangaldean gaur egingo da aurkezpena Matienako kultur etxean, 19:00etan.
Gazteek bizi duten zer arazo nabarmenduko zenukete?
J.A.: Ez dakit zein azpimarratuko nukeen, pasibotasuna eta berekoitasuna, agian. Askok pentsatzen dute: zer egin dezaket, bada? Prozesu honen leloa “norbanakotik kolektibora” da. Batek bakarrik zer edo zer egiten badu, ez du ezer lortuko, baina elkartuta bai. Euskal gizartean gazteen estereotipo bat dagoela uste dut. Minimoagaz bizi garela, pasotak garela, ez daukagula lan egiteko gogorik... komunikabideetan ematen duten irudia hori da. Ez da azaleratzen zenbat gazte dagoen lan egiten aisialdian, kirolean, gazte asanbladetan... Lan hori guztia ez da ikustarazten eta ez da baloratzen. Azaleratuko balitz, beste modu baten ikusiko litzateke gazteria.
Orain arteko gazte antolakundeetatik, zer edukiko du berriak?
A.A.: Guk geuk definituko dugula zelakoa izango den.
J. A.: Arlo asko landuko ditu. Orain arte pixka bat arlo politikoan zentratu da gehiago, eta arlo sozialean ere lan asko egin beharko da, oraingo egoera ikusita. Azken finean gazteok etorkizuna gara. Kultur arloa ere hor dago. Bakoitzak ikusiko du arlo batean edo bestean konprometitu gura duen gehiago, hori guztiz errespetatuko da.