Bizkaiko Foru Aldundiak 140.000 euroko laguntza eman dio Duragaldeko Lehiakortasun Poloari. Durangaldeko Enpresen Elkarteak, Amankomunazgoak eta Azterlanek osatzen dute elkargune hori, eta enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzea dute helburu.
2009an hasitako lanari bultzada emango dio ekarpen honek, arduradunek prentsaurrekoan azaldu dutenez. Poloaren izenean, Anton Gorriñok esan du elkarlana, aukeren identifikazioa, eskualde mailako konpromisoa eta teknologia berrien garapena ere sustatu gura dituztela.
Dagoeneko martxan dituzte sektorekako lan-talde bi. Estanpazio arloko produkzio katean dabiltzan hainbat enpresagaz batzen dabiltza, eta makina berri bat diseinatuko dute. Fundizio arloan ere hasi berri dira lehenengo pausoak ematen. Enpresen artean konfiantza sortu gura dute, eta enpresa handi eragileek eskualdeko enpresa txikien gaiak erabiltzea erraztea dute asmoen artean, esaterako. Esan dutenez, beste sektoreetako enpresekin ere antzeko talde bat sortzea aurreikusten dute. Gainera, estanpazio sektorean goi mailako formazioa eskainiko dute.