Bigarren urtez antolatu du Berbaro taldeak Euskarak 365 Egun kanpaina. Goiatz Pelaezek Plateruena Kafe Antzokian lan egiten du, Gorka Madrazok Berbaro elkartean eta Goretti Alonsok Anboto Komunikabideetan. Euskaragaz dauzkaten bizipenei buruz eta Berbaro taldearen proiektuari buruz berba egin dute elkarrizketan.
Zelan sumatzen duzue euskararen egoera Durangaldean?
Goretti Alonso: Ez oso ondo. Nik ikusten dudanez behintzat, lehenengo berba beti doa erderaz, eta gazteengan geroago eta gehiago.
Gorka Madrazo: Bai, eta uste dugu Durangaldea oso euskalduna dela, eta gezur hutsa da, erabilera oso eskasa da.
G.A.: Askotan euskaraz bizi garenok pentsatzen dugu normaltasun baten barruan dagoela euskara, baina gero, oso erdalduna da Durangaldea, eta geroago eta gehiago. Herri txikietan ere, gauza bera gertatzen da.
Goiatz Pelaez: Tabernan ere asko ikusten da hori. Umeek ere, baso bete ur erderaz eskatzen dute batzuetan.
Berbaron, Plateruenean, Anboton... Zuen lan esparruetan zer zailtasun ikusten dituzue euskaraz bizitzeko?
G. M.: Gazteek oso gutxi erabiltzen dutela ikusita, Topagunetik formatu gaituzte ‘Zergatik ez?’ tailerra emateko. Motibazio tailerra da, euskara ezagutzen duenak eta erabiltzen duenak gehiago erabiltzeko. Durangaldean hitzarmena lortu dugu eta dagoeneko hasi gara ikastetxe batzuetan, 4. DBHn eta batxilergoan. Hausnarketa bidez, erabilera datuak eman, hizkuntza bat edo beste aukeratzeko zer faktore dauden... Adibidez, sarritan, kafetegi batera joaten gara, eta barraren atzekoak euskaraz ez duela jakingo pentsatzen dugu. Lehenengo ahaleginean, euskaraz egitea eta motibazio teknikak ikastea behar dugu.
G. P.: Gurera gazte asko etortzen da, adibidez, Gau Elektronikoetara, eta Lokaletik At talde hasiberrientzako ekimenera. Normalean, batzarra egiten dut eurekin, publikoari euskaraz egin behar diotela esanez, nahiz eta abestiak ez duten zertan euskarazkoak izan. Gau Elektronikoan txarteldegira datozenek, normalean, erdera hutsean egiten dute berba. Plateruenean adin askotako jendea batzen da. Kultura-sustatzaileek, ostera, erdi eta erdi egiten dute. Tabernan dezente egiten da euskaraz, eta erderaz ere bai, batez ere gauetan.
Goretti, zu publizitate arloan, merkatariekin ibiltzen zara hartu-emanean...
Bai, eta herriaren arabera izaten da, baina askotan telefonoz lehengo berba ‘bai?’ izan beharrean ‘¿si?’ izaten da. Gehienetan saiakera egiten dut, ‘euskaraz badakizu?’ galdetzen. Eta ahalegin askorik ez dute egiten askok... Erderarako joera daukate. Herrika, Elorrio batean, merkatari gehienek euskaraz egiten dute, Atxondon ere bai. Traña-Matienan... Ez, eta Durangon, erdera asko egiten da. Hori telefonoz, baina dendetan ere, lehenengo berba erderaz izaten da: ‘si quieres, te ayudo en algo’.
G.P.: Orain Durangon euskaraz erosteko kanpaina dago.
G.A.: Gustatuko litzaidake jakitea zelako estatistikak dituzten.
Oztopo eta erronkez gainera, aurrerapausoak ere egon dira euskararen normalizazioan...
G.M.: Berbaron adibidez, etorkin taldeek errefortzuzko eskolak hartzen dituzte, eta asko etortzen dira, hainbat ikastetxetatik. Etxerako lanak egiten, euren artean euskaraz berbetan... ibiltzen dira. Dendariena aipatu dugu, eta nik bai pentsatzen dut euskararen parte izan gura dutela. 365 kanpainan kartela ipintzea bezeroak erakartzeko modua dela ikusten dute.
Berbaro taldeko hiru adarrak hartu-emanak sendotzen hasi zarete. Zer moduz?
G.P.: Bagabiltza elkar ezagutzen, eta oraindik asko dago egiteko, baina dagoeneko bagabiltza elkarlanean. Edozer gauzatarako telefonoa hartzen dugu, eta hartu-emana hor dago.
Eragileek bat egiteko premia ikusi duzue. Sanfaustoetan, adibidez, AEK, EHE eta Ibaizabal ikastolarekin GUKA gunea sortu zen. Zer balorazio duzue?
G.M.: Nik uste dut oso ondo joan zela. Herriak ikusi zuen euskalgintzako zati bat, behintzat, han zegoela, eta hara jotzen zuten. Txosna oso txukun gelditu zen eta ekipo ona egon ginen dena prestatzen. Bakarka gutxira heltzen gara, eta elkarrekin gehiago egin ahal dugula ikusi dugu.
Abenduaren 4tik aurrera, zer?
G. A.: 3ra arte egin dugun gauza bera.
G. M.: Urteko egun guztietan euskara erabiltzeko motibatzen jarraitu beharko dugu. Bakoitza konturatu behar da zertan dabilen, ezezagunari lehenengo hitza erderaz egitean, lagunekin hizkuntza aldatzen dugunean...
G.A.: Hausnarketa puntu bat izan daiteke abenduaren 3a. Behintzat gure buruari galdetzeko, zergatik dauzkagun ohitura horiek. Lehenengo pausoa euskaraz zuzentzea izan behar da.
G. M.: Gainera, Euskal Herrian, momentu honetan mila hizkuntza egiten dira. Komuna euskara izan beharko litzateke.