Genero indarkeriaren kontrako aldarria zabalduko da asteburuan

Anboto 2012ko aza. 23a, 12:15

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna da gaur. Eguerdian kontzentrazioak egin dituzte Durangaldeko hainbat herritan, Azaroaren 25a dela eta, indarkeria matxista salatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko egunaren haritik hainbat ekitaldu deitu dituzte Durangaldeko udal eta gizarte eragileek. Emakumeenganako indarkeria salatuko dute guztietan. Gaur 13:00ean kontzentrazioa deitu dute Durangoko Udalak eta Berdintasunerako Udal Kontseiluak Durangon, udaletxeko plazan. Hala ere, biharko eta etzirako antolatu dituzte ekitaldi gehienak.

 

Saturrarango emakumeen kartzela ere hartuko dute, gaur, berbagai Durangon.  No lloréis lo que tenéis que hacer es no olvidarnos liburua aurkeztuko du Maria Gonzalez Gorosarri kazetari durangarrak. liburutegi zaharrean izango da berak eskainiko duen hitzaldia, 18:00etan. Ondoren, Izarren argia filma eskainiko dute.

 

Biharko Biodantza tailerra eta La mujer sola y ¿sexo?, gracias por no despreciar... antzezlana antolatu dute. Domekan, berriz, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko egunean bertan, kontzentrazioa ere egongo da 12:00etan. Emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako adierazpena irakurriko da.  Udalak eta Durangoko Plataforma Feministak deituta  manifestazioak ere irtengo du 13:00ean Andra Marirtik. 

 

Durangoko Andraguneak antolatuta Itziar Ziga idazle eta feminista errenteriarrak Sin mi no hay nada; del amor sus violencias berbaldia eskainiko du, azaroaren 27an. Hilaren 28an, errefuxiatuei laguntzeko ACNUR Euskal Batzordeko eta CEAR Euskadiko ordezkariek genero arrazoiengatik gertatzen diren jazarpenen gainean jardungo dute Pinondo Etxean.

 

Elorrio eta Berriz

Sortzailez betetako institutua da Elorriokoa. Iaz Bizkaiko ideien lehiaketan ikasle talde bat gailendu zen; Izarren Distira Korleone elorriarrek irabazi dute; eta Beldur Barik sariketan aurreneko postuetan dabilza. June Graña eta Xabi Malaxetxebarria ikasleek eta Iñigo Sourrouillen irakasleak bideo bat aurkeztu dute Beldur Barik lehiaketan eta hamar bozkatuenen artean geratu dira. Bihar, Gasteizko Artium museoan egingo den Beldur Barik topaketan elkartuko dira denak.

 

Domekarako, berriz, etxeko lehioetan puntu morea jartzeko deia egin dute Elorrion, eta 13:00ean, kontzentrazio isila ere egingo dute Herriko Plazan. Zuloak dokumentala ere proiektatuko dute domekan eta astelehenean, Arriolan.  Berrizen ere kontzentrazioa deitu dute domekan; 13:30ean egingo dute Urtiaga plazan Emakumeen aurkako indarkeriari ez! lelopean. Aurretik, 13:10ean, Beldur Barik komiki mundialaren bineta erakusketa eta Berrizko BHIko 2. mailako ikasleek egindako Beldur Barik ikus-entzunekoaren proiekzioa emango da. Kultur Etxean izango da. Puntu morea jartzeko deia ere egin dute. No estas sola, Sara filma ere eskainiko dute, 12:00etan.

 

Abadiño eta Iurreta

Abadiño eta Iurretan ere egongo da ekitaldirik. Abadiñon, AnbotoAzpikoDamak elkarteak antolatuta Adas (Producciones Equivocadas) antzezlana egongo da, Traña-Matienako Errota kultur etxea. Bihar izango da 20:00etan. Era berean, azaroaren 30era arte, Beldur Barik argazki erakusketa ikusteko aukera ere eskainiko da. Domekarak kontzentrazioa deitu dute Traña-Matienako Trañabarren kalean. Iurretan, Gasteizko Beldur Barik topaketara joateko autobusa antolatu dute. Azaroaren 25ean, berriz, begizta lilak jarriko dira, "indarkeria gabeko bizitza sortzeko konpromiso gisa".

 

Iurretako Ibarretxe kultur etxean irakurriko dute Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko egunaren adierazpen instituzionala, 19:00etan. Beldur Barik! 2012 Tokiko Lehiaketa egongo da. 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!