Bertako nekazaritza produktuak ezagutarazteko eta saltzeko sortu dute oizegin.com proiektua.
Durangaldeko eta Lea Artibaiko ekoizleen produktuekin Gabonetako otzarak egiteko aukera ipini dute oizegin.com atarian. Urkiola eta Lea-Artibai landa garapenerako elkarteek sortu zuten egitasmoa ekainean, eta webgune horretan, besteak beste, on line erosketak egiteko aukera ematen dute. Eskualde bietako ekoizleen produktuak ezagutarazi eta saltzeko helburua dauka oizegin.com-ek.
Gabonetako otzarak eskatu gura dituenak abenduaren 14ra arte eskatu ahal izango ditu, web gunetik bertatik. Banaketak abenduaren 14tik 18ra egingo dituzte. Gainera, abenduaren 31a baino lehen eskatuz gero, bidalketa doan egingo dute.
Oizegin.com webgunean, dendaz gainera, baserritarrei egindako elkarrizketak, produktuen informazioa, eta aholkuentzako tartea dago, besteak beste. Juan Mari Totorika Urkiola Landa Garapena elkarteko arduradunak azaldu duenez, helburua 30 ekoizle baino gehiagok proiektuagaz bat egitea da: “atariaren online dendan egunetik egunera produktuen eskaintza zabalagoa izatea gura dugu”.
Biltegia, Muruetan
Erosketen biltegia Abadiñoko Murueta baserrian dago. Gabonetako eskaintza bereziaz gainera, urte osoan astean banaketarako egun bi egoten dira: martitzenak eta eguenak. Produktu freskoak martitzenetan banatzen dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, "produktuen freskotasuna eta kalitatea segurtatu gura dugu". Informazioa eskuratzeko 94 620 36 11 zenbakira deitu daiteke, edo info@oizegin.com-era idatzi.