Mendi bizikletan ibiltzeko Durangaldean dagoen zaletasunari erantzun asmoz, BTT zentro bat zabalduko du Amankomunazgoak Abadiñon, Tornosolo trinketean. Hamabost ibilbide prestatuko dituzte.
Eskaintza hori ez da bakarrik zaletuei egindakoa; afizioa zabaltzea eta turismoa elikatzea ere helburuen artean dauzkate, Oskar Zarrabeitia lehendakariak atzo prentsaurrekoan adierazi zuenez. Egitasmoaren lehenengo fasea diseinatuko dute datozen hilabeteetan. Horren baitan, mendi bizikletaz ibiltzeko hamabost ibilbide prestatuko ditu Sendoa enpresak. Guillermo Ruiz de Erentxun dabil behar horretan, eta esan zuen momentuz 30 ibilbide irudikatu dituztela hainbat aditu eta zaleturen laguntzagaz. Ernesto Lejarreta da horietako bat, eta agerraldian egon zen ekimenari babesa ematen. Ruiz de Erentxunen arabera, datorren hilean itxiko dute ibilbideen zerrenda, baina gura duenak oraindik ekarpenak egiteko aukera dauka, bttdurangaldea@gmail.com helbidera idatzita. Ibilbide guztiak Tornosolon hasi eta amaituko dira, eta lur publikoetatik pasatuko dira.
EAEko bosgarren BTT zentroa izango da Abadiñokoa. Paisajeagatik eta ibilbideengatik, erakargarria izango dela uste du Ruiz de Erentxunek. Ibilbideak pentsatu eta gero, seinalizazioan eta atonketan hasiko dira. Zentroa bigarren fase batean garatuko dutela azaldu du Zarrabeitiak. Aldagelak eta bizikletak konpontzeko zein gordetzeko lekua edukiko du, besteak beste.