Lehenengo batzarrean oinarri ideologikoak berrikusiko dituzte. Gaur Durangaldeko bederatzi herritan deitu dituzte batzarrak. Atxondokoa Arrazolako ludotekan egingo dute, 16:00etan.
Ezker Abertzaleak bere alderdi berria izango dena eratzeko prozesua ipini du martxan. Orain arteko alderdiak legez kanpo geratu ostean, Sortu baliozkoa dela onartu du Espainiako justiziak. Hori dela-eta, zelan antolatu eta zein ildo politiko garatu eztabaidatuko dute batzarretan. Gainera, oinarri ideologikoak ere berrikusiko dituzte, eta hauxe izango da prozesuko lehenengo eztabaidagaia. Iurretan joan zen zapatuan landu zuten 40 lagun inguruk. Durangaldeko gainerako herrietan gaur, azaroaren24an, batuko dira asmo beragaz.
Abenduaren 15ean ildo politikoa aztertuko dute, eta urtarrilaren 26an funtzionamendua. Otsailaren 9rako barne hauteskunde eguna deitu dute, eta prozesua otsailaren 23an amaituko dute, kongresuagaz.
Ezker Abertzaleak prentsa ohar bidez esan duenez, eztabaida parte-hartze sakon eta demokratikoan oinarrituko dute. "Ezker Abertzaleak martxan jarri duen Zutik Euskal Herria ildo politikoarekin bat datorren pertsona orok, orain arte Ezker Abertzalekoa izan ala ez, parte hartu dezan nahi dugu".
BATZARRAK (AZAROAREN 24EAN)
- Otxandio: 09:00etan, haurtzaindegian
- Abadiño: 09:30ean, Txanportan
- Berriz: 10:00etan, kultur etxe zaharrean
- Mañaria: 10:00etan, udal aretoan (izurtzarrak ere bai)
- Durango: 16:00etan, Ibaizabal ikastolan
- Atxondo: 16:00etan, Arrazolako ludotekan
- Zaldibar: 16:00etan, liburutegi zaharrean
- Elorrio: 16:30ean, Arriolan
- Mallabia: 22:00etan, Izar Gorrin