Ikasleentzako 'GazteTrans' txartela proposatu du Bilduk Batzar Nagusietan

Anboto 2012ko urr. 30a, 12:05

Leioako EHUko kanpusera joateko, Durangaldeko ikasleak dira gehien ordaindu behar dutenak

Leioako EHUko kanpusera joateko, Durangaldeko ikasleak dira gehien ordaindu behar dutenak.

 

Bilduk \'GazteTrans\' txartela sortzea eskatu du Batzar Nagusietan, ikasleei bidaiatzea errazteko eta garraio publikoa erabiltzea bultzatzeko. Kasu bat nabarmenduta, koalizioak kritikatu du Bizkaibusek Leioako EHUko kanpuserako ez duela bonorik edo deskonturik ematen. Eta horretan kaltetuenak Durangaldeko ikasleak dira. Ermutik egunero bidaiatu behar duen ikasle batek 48 euro ordaindu behar ditu hilero Creditrans txartelagaz, eta 64 euro txartelik barik. Bilbotik doan ikasleak 22 eta 27 euro artean ordaintzen ditu.

 

Tarifa bateratua ipintzea eskatu du Bilduk, bidai bat egiteko autobus bat baino gehiago hartzen duenak gehiago ordaindu behar du-eta.

 

Txartela sortzeko proposamena onartu egin dute, Bilduren aldeko botoekin eta gainerakoen abstentzioagaz. Ikusi beharko da aurrera egiten duen. Izan ere, koalizioak berak kritikatu du 2006an aho batez onartu zutela gauza bera, eta oraindik ez dela ezer egin. Pilar Ardanza Garraio eta Hirigintza diputatuak (EAJ) 2010ean txartela sortuko zutela esan zuela, baina halakorik ez dela gertatu adierazi du Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!