'Gurasolagun', aitek eta amek euren artean euskaraz egin dezaten

Anboto 2012ko urr. 29a, 13:06

Ikasturte honetarako \'Berbalagun\' egitasmoaren aurkezpena egin dute. Gurasoei zuzendutako eskaintza da nobedadea

Ikasturte honetarako \'Berbalagun\' egitasmoaren aurkezpena egin dute. Gurasoei zuzendutako eskaintza da nobedadea.

 

Euskara praktikatzeko aukera ematen du Berbalagun mintzapraktika programak. Hamabi urte dira lehenengo taldea sortu zenetik, eta aurten ere izango du eskaintza Durangaldean. Gainera, berrikuntza bat dakar: Gurasolagun sortu dute. AEKko Ziortza Aldekoa-Otalorak azaldu du guraso askok euren artean ez dutela euskaraz egiten, umeei egin arren. Zuzenean izan ez arren, gurasoak erdaraz entzuteak eragina daukala uste dute. "Gurasoek daukate euskararen transmisioan erantzukizun handiena". Horregatik, eskoletako patioetan pasatzen duten deboran euskaraz berba egiteko ekimena da aurkeztu dutena. Aldekoa-Otalorak esan duenez, iaz egon zen antzeko esperientziren bat, baina aurten Durangaldeko eskola guztietan egingo dute gurasoen arteko berba-taldeak sortzeko ahalegina.

 

Iaz 212 lagunek parte hartu zuten Berbalagun programan, eta oraingoan ere kopuru horren bueltan ibiltzea aurreikusi dute. "Ikasi egiten da, baina ez dira klaseak", esan du Aldekoa-Otalorak. Euskara praktikatu gura dutenentzako guneak sortzea da ekimenaren asmoa. Interesa daukatenek durangaldea@aek.org helbidera idatzi ahal dute apuntatzeko.

 

AEKz gainera, Amankomunazgoak, udaletako euskara sailek, Durangoko udal euskaltegiak, Hizkuntza eskolak eta euskara elkarteek bultzatu dute Berbalagun. Amankomunazgoak 6.500 euro inbertituz lagunduko du; publizitatea egingo du eta tailer osagarriak garatuko ditu. Oskar Zarrabeitia presidenteak adierazi du Durangaldea eskualde euskalduna dela, baina gabeziak daudela eta horrelako programak bultzatu behar direla. Berbalagun ekimenari balioa eman dio: "Euskal komunitatea sendotzeko eta euskararen erabileran eragiteko tresna da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!