38 urteko durangarrak Otxandion ateratako argazki bategaz irabazi du 500 euroko saria.
Otxandioko bonbardaketa irudikatzen duen muralari ateratako argazkia agertuko da aurten Anbotoko egutegiaren azalean. Txema Serrano durangarrak iluntzean Otxandion ateratako argazkia izan da epaimahaiari gehien gustatu zaiona. Serranok 500 euroko saria jaso du Anbotoren Iurretako egoitzan. Argazkilaritza zaletasuna da Serranorentzat. Lehiaketa honetara Durangaldeko hamabi herrietako argazkiak aurkeztea erronka izan dela esan du. “Argazkiok ateratzen Durangaldeko hainbat txoko deskubritu ditut“, adierazi du irabazleak.
Azalean saria irabazi duen argazkia eroango du egutegiak, baina barrurako, gainerako parte-hartzaileen lanak aukeratu ditu epaimahaiak. Erabaki hori hartzeko Zaloa Fuertes Anbotoko argazkilaria, Unai Iturriaga diseinatzaile eta bertsolaria eta Lehior Elorriaga Berbaroko zuzendaria bildu ziren joan zen astean.
Parte-hartzea, gorantz
Anbotok bere egutegia osatzeko bigarrenez antolatu du argazki lehiaketa. Iaz sei lagunek parte hartu zuten. Aurten berriz hamahiru lagunek aurkeztu dituzte beraien lanak, egutegian agertu daitezen. “Oso pozik gaude argazki lehiaketak izan duen harreragaz. Aurten parte-hartze handia izan dugu eta argazkien kalitatea ere oso altua izan da”, adierazi du Jone Guenetxea Anboto astekariko zuzendariak.