Ermuko mugarriak ezagutzeko aukera Artarrai mendi taldearen eskutik

Anboto 2012ko urr. 18a, 08:34

Beste urte batez, Ermuko Artarrai mendi taldeak Mugarriz Mugarri ekitaldia antolatu du urriaren 20an. Ermuko lurralde-mugak ezagutzeko aukera ematen duen sei orduko ibilbidea prestatu dute iganderako

Beste urte batez,  Ermuko Artarrai mendi taldeak Mugarriz Mugarri ekitaldia antolatu du urriaren 20an. Ermuko lurralde-mugak ezagutzeko aukera ematen duen sei orduko ibilbidea prestatu dute iganderako. Goizeko zortzietan plazatik hasiko da ibilaldia, inguruko baserri eta tontorrak zeharkatzeko asmoz. Sallabente, Eitza, Ureta baserriak, Mallamendi, Errekalde, Hirumugarre eta Urko besteak beste.

 

Mugarriz Mugarri ekitaldiaren helburua, Zaldibar, Eibar eta Mallabiarekiko Ermuak dituen mugarriak zeintzuk diren ezagutaraztea da.

 

Ermuko biztanleei zuzendutako ekintza da Artarrai mendi taldeak antolatu duena eta, guztiz doakoa da. Hala ere, izen ematea gomendatzen da antolakuntza arazoak egon ez daitezen. Izen ematea Artarraiko kideekin hartu-emanean jarriz egin daiteke, email bidez (artarrai@euskalnet.net), telefono bidez (638050634) edo  udal-liburutegi gainean dagoen taldearen egoitzara hurbilduz, ostegun iluntzetan 19:30etik 20:30era.

 

IX. Mendiko kultur-kirol jardunaldiak

Mugarriz Mugarri ekimena IX. Mendiko kultur-kirol jardunaldien barnean kokatzen da . Jardunaldi hauek urriaren 12tik 27ra burutuko dira Lobiano kulturgunean.

 

Urriaren 12 eta 14 bitartean Picos de Europara egin zuten mendi-irteera. Argazki Rallya ere burutu da eta  Irati Anda, Euskadiko eta Espainiako zailtasun eskaladan txapeldunaren hitzaldia ere izan zen urriaren 17an, “Hamarkada bat harkaitz artean” ikus-entzunezkoarekin batera.

 

Urriaren 21ean Argazki Rallyaren ebazpena eta sari banaketa egingo dira eta urriaren 24an, 19:30ean,  Miguel Angel Ramos eta Maria Rosario Arrizabalaga Artarraiko mendizaleen testigantzak entzuteko aukera egongo da, “Un paseo por Baltistan” (Kaxmir iparraldean) izeneko ekimenaren baitan. Urriaren 27an burutuko da jardunaldietako azken ekintza; Bidarrai Iparlara (1.049m) mendi irteera antolatu du Ermuko mendizale taldeak jardunaldiei bukaera emateko.

 


 
 
 
 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!