Lau alderdi nagusietako ordezkarien balorazioak ere jasoko dira anboto.org-en. Sare sozialetan ere azaleratuko ditugu unean-unean Durangaldeko datuak: #u21
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen jarraipen berezia egingo du Anbotok domekan. Boto kutxak ixterakoan, 20:00etan, herrietako emaitzak jasoko ditu erredakzioak. Momentuan bertan anboto.org webgunean eskegita egongo dira. Gainera, emaitza guztiak publiko egitean, lau alderdi nagusietako ordezkariek gertatutakoa baloratuko dute webgunean bertan.
Bestalde, astelehenean, Mario Zubiaga soziologoak emaitzen analisia egingo du eta bideo formatuan ikusi ahal izango da.
Durangaldean 47.416 lagunek daukate domekan botoa emateko eskubidea. Hamazazpi alderdiren artean aukeratu beharko dute –boto zuria, baliobakoa eta abstentzioa ere badira aukerak–, baina inkesten arabera EAJ, PSE-EE, PP eta EH Bilduk jasoko dute botoen gehiengoa. EAJ eta EH Bilduren artean egongo ei da garaipenerako borroka; prebisioetan jeltzaleak doaz aurretik. Lehendakaritzaz gainera, sektore abertzalearen hegemonia egongo da jokoan.
Barikuan, paperean
Datorren barikuko Anboto astekariaren alean ere publikatuko dira domeka gauean jasotako emaitza eta informazioak.